Santa Lutzi feria, gaur baino giro hobean
Gaur 15 urte eguzkiarekin eta giro epelarekin egin zuten Santa Lutzi azoka, gaur 15 urte. Ormaiztegiko Imeguisa lantegian lehergailua jarri zuten. Eta Ayma Ordizia errugbi taldea, Ohorezko Mailara igotzeko ahalegin betean ari zen.
Gaurkoa baino giro hobearekin ospatu zuten, duela 15 urte, Santa Lutzi eguneko azoka Urretxun eta Zumarragan. Astelehena izanda ere, jendetza bildu zen bi herrietako kaleetan, eguzki epelak gozatuta. Abereen azokan 666 buru zenbatu zituzten, moxal, pottoka, asto, ahuntz, behi eta abarren artean. Oreinen eta euskal txerrien erakusketa ere jarri zuten, eta baita kapoi eta oilaskoena ere. Artisau postuek eta baserritarren produktuek osatu zuten eskaintza. Bisitariak ere gustura ibili ziren, egun hartan egindako kale-inkestan jasotzen denez:
Bestelako berriei dagokionean, Ormaiztegiko Imeguisa lantegian jarritako leherkariaren berri eman zuen Hitzak egun hartan. Kale material ugari eragin zituen tenporizatzailea zuen bonbak, eta ETAri egotzi zioten erasoa. Asteburuan izan zen leherketa, eta astelehen hartan, “normaltasunez lanean” aritu zirela azaldu zuten enpresako iturriek. Adegik, Eusko Jaurlaritzak eta hainbat alderdik salatu zuten erasoa.
Kirol kontuetan, Axio Araña Ayma Ordizia errugbi taldeko entrenatzailearekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen egunkari honek, gaurko egunez. Azken partida irabazita, sailkapeneko lehen postuan jarri zen talde goierritarra, eta Ohorezko Mailarako igoera zuten jomugan. Arañak taldeak zuen “ilusioa” aipatu zuen, baina “igoera lortzeko jokoa sendotu” behar zutela azaldu zuen. “Kanpotik ere jende asko etorri da gu animatzera, horrek indarra ematen die jokalariei”.