Eneko Agirrezabal segurarrak irabazi du 'Egunean Behin' jokoaren finala
Codesyntax enpresak garatutako 'Egunean Behin' jokoaren finala jokatu dute gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. 102 lagunek parte hartu dute jokoan, eta Eneko Agirrezabal –korrikan ere fin aritzen dena– nagusitu da. 'Iñaki Goiko' sailkatu da bigarren, eta 'Jortxi' hirugarren. Jendetza bertaratu da lehia bertatik bertara ikustera.

Egunean Behin jokoaren finala jokatu dute gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. 102 lagunek parte hartu dute gaurko finalean. Lau txandatan banatu dute finala: lehen eta bigarren galdetegietan ehun puntu banatu dituzte, bigarren galdetegian 200 puntu, eta hirugarrenean, 300 puntu. Partaide guztiek lau txanda horietako galderak erantzun behar izan dituzte; ohi bezala, hamar galdera erantzun dituzte txanda horietako bakoitzean, ahalik eta azkarren. Erantzun zuzen gehien eta ahalik eta azkarren erantzuten zituenak eskuratu ditu puntu gehien.
Lehen txandan, Tti jokalaria izan da puntu gehien kolkoratu dituena. Gainontzeko txanda guztietan, berriz, Eneko nagusitu da. Lau txandak amaitzean, sailkapenaren lehen hamar postuetan ziren jokalariak igaro dira final handira: Eneko, Nere, Eneiru, Andrezj, Leire, Iñaki Goiko, Mantarrei, Txantxi dotore, Jortxi eta Josebabarandi. Guztiak oholtzara igo dira, eta azken partida jokatu dute han agertokiaren gainean aulki banatan eserita zirela. Batez beste, 6,7 galdera erantzun dituzte ondo, eta horiek baino erantzun zuzen gehiago asmatuta, bederatzi galdera zuzen erantzunda, Eneko Agirrezabal segurarra (Gipuzkoa) nagusitu da. Hura da Eneko izeneko jokalaria, eta finalera iritsi aurreko galdetegietan ere finen aritu dena. Korrikan ere ez da meritu makalak lortutakoa segurarra, eta adimen kontuetan ere ondo moldatzen dela demostratu du gaurkoan. Iñaki Goiko sailkatu da bigarren, eta Jortxi hirugarren.
Aurreneko hiru sailkatuek otarra bana jaso dute, eta beste hiru saski ere zozkatu dituzte.