Asteazkenez egin den urteko azken feria
Ardi esnea hasi da. Eguberrietako apaingarri ugarik eta giro apartak udazkeneko azken feria dotoretu dute. Hurrengo biak, asteartez dira.
E guberrietako hainbat apaingarrik garbi erakusten zuten urteko zein garaitako azokan ginen: ponsetia edo pazko lore ugari eta kolorez deigarriak, ezkaratza edo erratz adarrak, izeiak, lehen mihura adarrak… Jakietan erreparatuz, berriz, sagar ederrenak oraintxe ekartzen dituzte; erreta jatekoen eskaria handitzen da, eta errezila da preziatuena 5 euro arteko prezioan onenak. Intxaur mota berri bat ekarri du Axun Etxeberriak, «frantsesa esaten diogu guk, handixeagoa da, luzexka eta oso erraz bereizten da mamia azaletik». Kiloa 4,5 euroan saltzen zuen. Ondoan, lehen ardi esne botilak zituen, 2,4 euroan litroa. Estimazio handia izaten duen produktua da.
Mikologia atalean hainbesteko aukerarik ez bazen ere, on-ddo, saltsa perretxiko beltza, mendiko angula, esnegorri eta zizahori gutxi batzuk baziren. Deigarria azken hauen prezioa, 32 euroan kiloa. Inoizko garestiena deneko errezeloa bazen.
Arkumeei dagokienez, artzainek zuzenean emandako informazioaren arabera, 4,85-5 euro +BEZa izan da aste honetako prezioa kiloko, bizirik pisatuta.
Saltzaile berri asko aurten
Aspaldian ez bezala aurten feriara haien ekoizpenekin etorritako gazteen zerrenda oparoa izan da. Mahai hutsak ikusten badira ere, hasi berrien kopurua utzi dutenenen gainetik da 2019an.
Idiazabalgo Naroa Irigoien urtarrilean hasi zen Goiburu ardi gaztarekin. Olaberritik Judith Gartzia hasi zen etortzen, Behieko behi gazta, yogur, krema eta abarrekin. Urrian Iñaki Insausti zeraindarra barazki biologikoekin, eta Mutiloako Beñat Telleria Odioko Telleria behi gaztarekin. Azkenik, abenduan zuhaitz landareekin Juan Gamio hasi da, Beintza-Labaiengoa.
Aldiz, ia baja eman dutenen artean, Mutiloako Atibergo Jesus Muñoa eta Maria Angeles Telleria eta Orendaingo Kontxi Aiestaran daude. Azken hilabete hauetan etortzen ez diren Rosario Bitoria, Maria Dolores Landa eta Maria Teresa Jauregik, berriz, bueltatzeko asmoa badute nonbait. Gabiriako Oñatibi Txikiko Miren bezalaxe; urriaz geroztik Jose Antonio Elosegi semeak hartu du amaren lekukoa, baina adinean aurrera joan arren Miren Agirrezabala berriz ere feriara etortzeko irrikiz dagoenekoa aipatzen zigun semeak.
Izan ere badute bai, feriek lotzen duten sarma. 2020k ere segi dezala bide beretik.
- Ordiziako azokako prezioak