Ate irekien jardunaldia egin dute BST Rods Zumarraga eta Legazpin
Duela hiru urte, UGASSA garapen agentziak inguruko enpresen erantzukizun soziala neurtzeko prozesu bat jarri zuen martxan. Lanketa horren baitan, ate irekien jardunaldia antolatu zuten joan den igandean BST Rods enpresan. Ibilgailuentzat ardatzak fabrikatzen dituzte bertan, eta Zumarragan eta Legazpin ditu lantegiak konpainiak. Langileen senide eta lagunek produkzio prozesua aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuten; 120 lagunetik gora elkartu ziren bertan. Barren mozketak, torneaketa, moldekatzea, leunketa eta kromoztaketa faseak ikusi zituzten bisitariek, baita bulegoetako lana ere. Ibilbidea Zumarragako lantegian hasi zen, eta mokadutxoa hartu zuten bertan. Ondoren, Legazpiko lantegira abiatu ziren.