Ane Odriozolak eta Julian Armendarizek jasoko dituzte Legazpiko Kultura Sariak
Bihar iluntzean egingo dute sari banaketa, kultur etxean. Odriozolak Kultura Merezimenduaren saria jasoko du, eta Armendarizek, Herrigintza arlokoa.
Kultura Sariak banatuko dituzte ostiralean Legazpin. Ekitaldi honek herrian kultura arloan aritzen diren pertsonak saritzea du helburu. Aurten bi mailatan banatuko dira sariak: alde batetik, Kultura Merezimendua, eta, bestetik, Herrigintza. Legazpiko kultur etxean izango da sari banaketa, 19:00etan. Aurtengoa laugarren edizioa izango da, eta bi sari horien irabazleak Ane Odriozola Cia eta Julian Armendariz izan dira.
Julian Armendarizek Alaitasuna Errondailan egindako lanagatik jasoko du saria. Udalak azaldutakoaren arabera, errondailaren sorreratik, duela 55 urte, taldeak bizirauteko oinarrizko indar eragile izan da Armendariz: «Herriko adinekoen, gaixoen, herrikideen eta musika zaleen aurrean Alaitasuna Errondailak duen jarrera berari zor zaio hein handi batean». Ane Odriozolak, bestalde, El secreto de Gibola liburuagatik jasoko du saria.
Aurreko urteko edizioetan bezala, aurtengoan ere herriko kultur elkarteekin adostu da sariak emateko prozedura. Elkarteen proposamenak kontuan hartu eta bozketa bidez hartu dute erabakia. Iaz hiru gizonek jaso zuten sari bana: Patxi Otaegik Kultura Merezimendua, Aitor Madinak Herrigintza eta Mikel Gurrutxagak Kulturgintza. Aurtengo sariketarako Kulturgintza eta Herrigintza batzea erabaki dute, mugak oso lausoak direlako.
‘El secreto de Gibola’
Nerea gazte donostiarra da Odriozolaren eleberriaren protagonista; familiak Legazpin baserri bat duela ohartu eta zer aurkitzen duen begiratzera joango da herrira. Bertan aurkituko ditu egurrezko seaska bat eta haur baten argazkia, Miren 1922 inskripzioarekin. Familiarekin zer erlazio duen ikertzen hasiko da Nerea, eta horrela ezagutuko du aitona Bittorren bizitza ezkutua. Zergatik esan zion gezurra aitonak? Legazpiko historiaren errepasoa egin du Odriozolak liburuan, batez ere XIX. mende bukaeratik XX. mendeko lehen erdira bitartean. Legazpik duela 100 urte bizi zuen egoera islatzen du eleberriak, fikziozko gertaera eta pertsonaiak errealitatearekin uztartuz.