‘Zumarraga XVI. mendean, Areriako alkatetza nagusiko eskribauen eskutik’ liburua aurkeztu du Antonio Pradak
Zumarragak udal propioa izan baino lehen, herria Areriako alkatetza nagusipean zegoeneko eskritura guztien fitxak egin ditu historialariak. Horren inguruko liburua aurkeztu du gaurkoan.
Ramon Martin Suquia, Antonio Prada eta Mikel Serrano, gaur Zumarragan Antonio Prada historialariak aurkeztu du ‘Zumarraga XVI. mendean, Areriako alkatetza nagusiko eskribauen eskutik’ izenpeko liburua Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean.
Zumarragako alkate den Mikel Serranok eman dio sarrera ekitaldiari. Zumarragako historiaren hurrengo, baina ez azkeneko, urratsa dela argitu du alkateak. Gainera, esker bereziak eman dizkio Antonio Pradari: “buru-belarri egiten du lan Zumarragako historiaren inguruan, horrek asebetetzen dituelako bere nahi guztiak eta bere bizia”. Liburuaren aurkezpenak Gabonen atarian lekua hartu izana ez dela kasualitate hutsa izan azpimarratu du Serranok, datozen egunotan historia oparitzeko gonbita luzatuz. Bertan egon da liburua salgai.
Alkatearen ondoren, Ramon Martin Suquiak, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko artxibozainak, hartu du hitza, oñatiarra izan baita Antonio Pradarekin elkarlanean ibili den aditua. Artxibozainak pasa dizkio historialariari 1.530. urtetik hasita, ia 1.800. urtera arte erredaktatu ziren notario funtsak.
“Notario funtsak eskribauek edo notarioek haien eginkizunetan sortutako agirien bildumak edo elkarketak dira. Eskribau eta notarioek partikularrek bultzatutako ekintza juridikoen testigantza ematen dute, ekintza horiei balore juridikoa ematearren. Ekintza horien testigantza bakoitza notario eskritura bat da”.
Guztira, ia 400 liburuki izan dira irakurri beharrekoak, horietako bakoitza, bataz beste 1.200 orrialdez osatutakoa. Ramon Martin Suquiaren hitzetan, goraipagarria da Pradaren lana, informazio asko eta ezagutza gutxi biltzen direlako artxibo horietan.
Antonio Pradak hiru urtez lanean jardun ondoren, 10.139 eskritura notarial identifikatu ditu eta jasotako informazio guztia 29 mila orrialde baino gehiagotan digitalizatu du Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko artxibozainak.
Mikel Serranok informazio guzti horrekin ez beldurtzeko aholkua eman du, irakurtzeko erraza dela esanez. Are gehiago, ‘Zumarraga XVI. mendean, Areriako alkatetza nagusiko eskribauen eskutik’ liburua ekarpen oso esanguratsuez eta argibide nabariez josita dagoela aitortu du.
Liburuaren egileari egindako elkarrizketa ikusgai dago hurrengo estekan: https://goierri.hitza.eus/2019/12/19/xvi-mendean-salmenta-asko-mailegu-bidez-egiten-ziren/
“Notario funtsak eskribauek edo notarioek haien eginkizunetan sortutako agirien bildumak edo elkarketak dira. Eskribau eta notarioek partikularrek bultzatutako ekintza juridikoen testigantza ematen dute, ekintza horiei balore juridikoa ematearren. Ekintza horien testigantza bakoitza notario eskritura bat da”.











