Afrika Bibang eta bere banda Herri Antzokian izango dira
Satto kultur taldeak eta Legorretako Herri Antzokiak kultur egitarau betea antolatu dute datozen hilabeteetarako. Joseba Irazoki, Skakeitan eta Unidad Alavesa ere etorriko dira, besteak beste.
Satto elkarteak prest du negurako egitaraua. Urtarriletik apirilera bitarte, bost kontzertu, film emanaldi bat eta bakarrizketa bat izango dira.
Ekitaldietarako sarrerak kioskoan jarriko dira salgai, aste bereko astelehenean.
Urtarrilaren 10ean izango da aurreneko saioa; Afrika Bibang kantari algortarra bere bandaren kontzertua izango da. Gaurtik salgai daude sarrerak, 5 euroan. Kontzertu egunean bertan ere erosi ahalko dira sarrerak, saioa hasi aurretik (7 euro).
Musika saio gehiago ere izango dira datozen hilabeteetan; urtarrilaren 25ean, Joseba Irazoki eta Xabi San Sebastian etorriko dira; otsailean Sua eta Rodeo taldeak, eta martxoan Skakeitan, Odolkiak Ordainetan eta Unidad Alavesa. Agur Etxebeste! filmaren emanaldia eta solasaldia ere egingo dute, urtarrilaren 19an.