Eskubaloia, autoak eta bidaiak
Ormaiztegi eta Urola eskubaloi taldeetako arduradunekin hitz egin zuen Goierriko Hitzak, 2005. urtearen hasiera hartan. Autoen salmenten igoera zela eta, eskualdeko saltzaileen iritzia ere jaso zuen.
Urte hasierarekin batera, San Silbestreak, Erregeen zamalkadak eta ohikoak diren beste gai batzuk landu zituen Goierriko Hitza-k, 2005. urtearen aurreneko txanpan. Baziren bestelako gaiak ere, ordea. Alkateekin elkarrizketa sorta egiten hasi zen, eta herrirako zituzten asmoen berri eman zuten hauek, egunez egun. Bestelako gaietan, kirol taldeetako arduradunekin egindako elkarrizketak, eta auto salmentaren gorakadari buruzko erreportajea argitaratu zituen Hitzak, besteak beste.
Goierriko bi eskubaloi taldetako arduradunak elkarrizketatu zituen Hitzak egun haietan. Anbrosio Iñaki Apaolazak artean 20 urte zeramatzan Ormaiztegiko taldea entrenatzen –aurretik jokalari ere aritu zen–. Donostian fraideetan jokatzen hasi zenetik ordura arteko errepasoa egin zuen; “teknika asko hobetu da, estrategia, taldeko jokoa… gehiago lantzen da. Gure garaian a letxe limpia ibiltzen ginen”. Ordurako eskubaloiaren egoera beltz ikusten zuen Apaolazak; “dena futbola da. Nik, guraso bezala, kirol aniztasuna bultzatzen dut. Denek ez dute futbolerako balio, eta gainera, ona da umea ahalik eta kirol gehienetan ohitzea”.
Iñigo Cantero Urola Agip taldeko entrenatzailearekin ere hitz egin zuen Hitzak, gaur 15 urte. Taldeko entrenatzaile eta lehendakari orde zen garai hartan, eta ez zebiltzan garairik onenetan, emaitza aldetik. “Talde oso berria eta gaztea da, eta moldatu egin behar du”. Maila mantentzea zuten helburu, eta horretarako, ligako bigarren itzulian “jokoari puntua” hartzeko beharra ikusten zuen. Nesken taldea ere hasi berria zen, eta “martxa hartzen” ari zirela zioen Canterok.
Bestelako gaietan, auto salmenta ere hizpide izan zuen Hitzak, urtarrilaren 7ko alean. Izan ere, gorakada handia izan zuen sektoreak 2004an; %4koa Hego Euskal Herrian. Goierriko auto saltzaileek ere nabaritu zuten igoera hori. Renault Megane, Voklswagen Golf eta Ford Focus modeloak izan ziren urte hartako salduenak. Monobolumen motako autoen igoera ere nabaritzen hasiak ziren ordurako.
Xabier Garmendia itsasgizonarekin egindako elkarrizketa ere gaurko egunez argitaratu zuen egunkari honek. 176 metroko eslora duen petroliontzi bateko kapitaina zen garai hartan, eta 17 urteko ibilibidea eginda, mundu osoko itsasoak zeharkatu zituen ordurako. Hainbat bazter ezagutu eta gero, “gu bezain ondo inon ez” direla bizi zioen lazkaotarrak. Kapitainaren lanaz eta itsasoko bizimoduaz jardun zuen; Mexikoko golkoko eguraldi epeletatik, Groenlandiako ekaitz batek itsasontzia ia izozteraino, denetariko egoerak bizi izandakoa da.