Has dadila ikuskizuna
Bete-betea dator Goierriko kultur agenda, Beasaingo eta Ordiziako Antzerki Garaia zikloarekin, eta Urretxuko eta Zumarragako Arte Eszenikoen egitarauarekin. Antzerkiaz gain, musika eta dantza ikuskizunak ere izango dira. Ostiralean ekingo diote Beasainen.
Antzerkiaren zaletuek urte osorako egitarau oparoa izango dute Goierrin. Beasain eta Ordiziako Antzerki Garaia zikloak zortzi antzezlan ekarriko ditu. Ostiralean hasiko da, Tanttaka teatroaren Utzi zure mezua seinalearen ondoren antzezlanarekin. Urretxun eta Zumarragan ere, bete-betea dator agenda, Arte Eszenikoak antzerki zikloarekin. Atx Teatroaren Zazpiak bat, gaiztoetan gaiztoena lanak irekiko dute zikloa, otsailaren 7an. Jarraian duzue egitarauen eta antzezlan guztien informazioa. Bonuak ere eskuragarri daude bi antzerki zikloetarako.
‘Utzi zure mezua seinalearen ondoren’
· Beasain
Tanttaka teatroaren Utzi zure mezua seinalearen ondoren, lau ahotsetako istorio bat da.Lau emakumeren ahotsak dira, Miren Arrieta, Sara Cozar, Mireia Gabilondo eta Oihana Maritorena aktoreenak, eta nahiago izango dute gertatzen zaien hori erantzungailu automatiko bati aitortu. Zentzudun emozioz jositako lau istorio dakartzate. Antzezlana, Fernando Bernuesek zuzendutakoa da. Beasaingo Usurbe antzokian ikusi ahal izango da, urtarrilaren 10ean, 22:15ean.
‘El gran crucero’
· Ordizia
La pescaderia ambulante ekoizpen etxearen El gran crucero antzezlanean, Moe Lifona, Jose Luis Guerrero eta Garikoitz Lariz aktoreak, David Mena zuzendariaren gidaritzapean, zuzendariak berak idatzitako testuari forma ematen diote. Alkitranezko zeruertz batean, uniformezko hiru mamutxek gainean daramate etxea lubaki bezala. Balizaz baliza, eta ezarritako ibilbide-orriari jarraituz, zerbitzu militarra bete ondoren dagokien baimenera jotzen dute ezinbestean. Urtarrilaren 17an izango da hitzordua, Ordiziako Herri Antzokian, 22:15ean.
‘Zazpiak bat, gaiztoetan gaiztoenak’
· Urretxu-Zumarraga
Atx Teatroa konpainiaren antzezlan hau gizakiaren gaiztakeriari buruzkoa da. Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa al da? Ekidiezina al da? Aktoreek gure kulturako zazpi bekatu kapitalak dituen gizaki bat sortuko dute: groteskoa, basatia, gupidagabea… Komedia, satira eta sarkasmoaren bidez guztiok alfonbra azpian ezkutatzen ditugunak agerian jarriko dituzte. Otsailaren 7an, 22:30ean, Zelai Arizti aretoan. Euskaraz.
‘Giltzadun etxea’
· Ordizia
Antzezlan honetan, Ainhoa Aierbe, Mireia Gabilondo eta Vito Rogado aktoreek indarkeriaren biktima diren emakumeentzako bi aterpetxeren egunerokotasuna biluztuko dute, gizarte langileen larrutan eta barrunbeetan. Bizitza argazkien bidez, larrialdietarako etxe batean eta harrera etxe batean bizi duten egunerokotasuna ekarriko dute. Soinu banda, zuzenekoa, Ainara Legardon sortzaile eta musikariarena da, Maialen Sarasuaren irudiekin lagunduta. Tanttaka Tetroaren eskutik, Fernando Bernuesek zuzentzen du. Otsailaren 14an da, Ordiziako Herri Antzokian, 22:15ean.
‘Moko zorrotza’
· Beasain
Mario Hernandezek zuzenduta, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia, Juan eta Laura izango dira, Txalo & Pentación ekoitetxearen eskutik. Bizitza ulertu eta aurrera egiteko bi modu ezberdin. Eta halere, elkar maite dute. Institutuan ikaskide izan ziren, eta gaur egun, 30 urtetako krisi amaigabean murgilduta, ustekabean egin dute topo. Gau batez, garai haietako oroitzapen eta ametsak gaurkotuko dituzte. Bien bitartean, ikuslearen hasierako algarak hausnarketa bilakatuko dira. Otsailaren 21ean izango da, Beasaingo Usurben, 20:00etan euskaraz eta 22:15ean gaztelaniaz.
‘Ene ba!’
· Ordizia
Ane Gabarain, Joxe Kruz Gurrutxaga, Mikel Laskurain, Susana Soleto eta Asier Sota, Begoña Bilbaok zuzendutako Ene Ba! antzezlana dakarte. Protagonistak aita izan behar du lehen aldiz eta jaio berriaren izenagatik, egundoko kalapita sortuko du, gaia umoretik landuz. Ordiziako Herri Antzokian izango da, martxoaren 6an, 22:15ean.
‘Ya tengo una edad’
· Urretxu-Zumarraga
Martxoaren 6an Riki Lopez aktoreak Ya tengo una edad ikuskizuna egingo du. Umoregile eta musikari honek bikotea bilatzeari uko egin dio. Esperientzia xelebre batzuen ondoren, amore eman du. Antzezlanean, maitasun arloan izan dituen esperientzien berri emango du. Zelai Ariztin da, 22:30ean, gazteleraz.
‘Igel euria’
· Beasain
Gaixotasun mentala diagnostikatuta duen pertsona bat bere buruaz beste egiteko gertu dago. Flashbacken bidez, pertsonaia honen bizitzara bidaiatuko du publikoak. Ados teatroaren lan honetan, Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria dira zuzendariak, eta Isidoro Fernandez, Lierni Fresneda, Tomas Vitoria eta Sandro Iobani aktoreak. Martxoaren 13an izango da, Beasaingo Usurben, 22:15ean.
‘Hots larretan’
· Urretxu-Zumarraga
Urretxu eta Zumarragako udalek, 2019ko arte eszeniko programaren barne, kontzertu bat ere antolatu dute. Apirilaren 3an izango da: 22:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Juan Mari Beltran, Errege Belda, Ixiar Jauregi eta Andoni Salamerok Hots larretan ikuskizuna egingo dute. Erritmo zaharrak doinu berriekin nahastuz. Ikuskizun horrek musika, dantza eta olerkia uztartzen ditu.
‘Simplicissimus Kabaret’
· Beasain / Urretxu-Zumarraga
Tartean antzerki taldeak Simplicissimus Kabaret lana antzeztuko du. Grunbaum, Fink eta Gerron XX. mendeko berlindar kabareteko komiko ospetsuak izan ziren. Larrutik ordaindu zuten botereari iseka egiteko ausardia. Mende baten ondoren, berriro elkartu dira dakitena egiten jarraitzeko: jendea dibertitzeko eta kontzientziak suspertzeko. Apirilaren 4an Beasainen, 20:00etan gaztelaniaz eta 22:15ean euskaraz, Usurbe antzokian. Abenduaren 4an, 22:30ean, Zelai Arizti aretoan.
‘Harri orri har’
· Ordizia
Euskal Herrian, ikastetxe bateko patioan kokatzen da istorioa. Jolasean daude zazpi pertsona. Ez dira elkar ezagutzen, baina espazio horretan daude, arrazoiren batengatik. Hori da inoiz hitz egiten ez dugun horren inguruan dabilen ikuskizun baten hasiera. Pez Limbo ekoiztetxearen lan bat da, Maria Goirizelaiak zuzenduta eta Nagore Gonzalez, Josune Velez de Mendizabal, Martxelo Rubio, Jontxu Martinez, Iñake Irastorza, Egoitz Sanchez eta Haizea Baiges dira aktoreak. Ordiziako Herri Antzokian ikusi ahalko da, apirilaren 24an, 22:15ean.
‘Lazarillo de Tormes’
· Urretxu-Zumarraga
Maiatzaren 8an Albacity Corporation konpainiak Lazarillo de Tormes lana eskainiko du. Antonio Campos aktoreak Jose Luis Monton gitarra-jotzailearen laguntzarekin lan egingo du. Espainiaren Urrezko Mendean gosea pairatu zuen Lazaro pikaroak bere bizitzaren berri emango du, eta garai hura eta egungoa alderatuko ditu, Montonen flamenkoarekin. 22:30ean Zelai Arizti aretoan. Gazteleraz da.
‘Argiaren hautsa’
· Urretxu-Zumarraga
Ekainaren 5ean, 22:30ean Zumarragako Zelai Arizti aretoan, Vaiven taldeak Argiaren hautsa lana antzeztuko du. Protagonistak zahar etxe batean bizi dira: Manuel zakarra eta isila da, eta Milagros alaia. Milagrosek Manuelen bizitza argituko du eta beldurrei aurre egiten lagunduko dio. Lan honek bizitza, heriotza, duintasuna eta oroimena jorratzen ditu.
‘Baserri danza’
Urretxu-Zumarraga
Ekainaren 26an, 22:30ean Zumarragako Zelai Arizti aretoan, Baserri danza dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Jordi Vilasecak eta Aritz Lopezek zuzendutako dantza proiektua da. Hainbat estilo uztartzen ditu. Besteak beste, break-dance eta dantza garaikidea. Vilaseca eta Lopezek konpainia ospetsuetan lan egin zuten, 2015ean elkartu ziren arte.
‘Felicidad’
· Urretxu-Zumarraga
Irailaren 4an, 22:30ean Zelai Arizti aretoan, Tenemos Gato konpainiak Felicidad lana antzeztuko du. Antzezlan hau helduaroan zoriontsu izateko egiten diren ahaleginei buruzkoa da. Bikote bat da protagonista. Beraien nahien, kezken, beldurren, arazoen, kontraesanen… berri emango dute. Emanaldia gazteleraz da.
‘Galtzaileak’
· Urretxu-Zumarraga
Urriaren 2an Txalo konpainiak Galtzaileak lana antzeztuko du Zelai Ariztin. Protagonistak Manuel (Jon Plazaola) eta Sandra (Aitziber Garmendia) dira. Ia 40 urte dituzte eta ez dute gizarteak markatutako baldintzetako bat bera ere betetzen: ez dute seme-alabarik, ez dute bikoterik, ez dute etxebizitza bat erosteko aukerarik… Goibel antzean bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Izan ere, bizipozak ez du zerikusirik ondasun materialekin ezta gizarteak markatzen dituen baldintzekin.
‘Elisa y Marcela’
· Urretxu-Zumarraga
Azaroaren 6an Elisa y Marcela antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Antzerki saioa 22:30ean hasiko da. Antzezlan honetako protagonistak 1901ean, A Coruñan, elkarrekin ezkondu ziren bi emakume dira. Bietako bat gizonez jantzita ezkondu zen. A Panadaria taldeko aktoreek komedia musikala prestatu dute, gertakari hartan oinarrituta. Gazteleraz da azken antzezlan hau ere.
Bonua Urretxu-Zumarraga
· Bonu orokorra. 70 euro.
· Euskarazko saioetarako bonua. 35 euro.Non eta nola eskuratu
· Salmenta lekua. Zelai Arizti kultur etxea.
· Urtarrilak 14, asteartea. 2019ko bonua mantendu nahi dutenentzat. Ordutegia: 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.
· Urtarrilak 16, osteguna. 2019an bonua eduki arren, aldatu nahi dutenentzat. 2019ko bonua aurkeztea beharrezkoa izango da. Ordutegia: 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.
· Urtarrilak 18, larunbata. 2019an bonua eduki arren, aldatu nahi dutenentzat. 2019ko bonua aurkeztea beharrezkoa izango da. Ordutegia: 10:00etatik 13:30era.Bonua Ordizia-Beasain
· Denboraldi osorako. 72 euro.
· Euskarazko saioetarako bonua. 35 euro.
· Sarrera arrunta. 12 euro. Antzezlana egin behar den antzokiaren lehiatilan eskuragarri egongo dira sarrerak eta Beasaingo saioetarako Kutxabanken sarrera zerbitzuan ere bai.Non eta nola eskuratu
· Erosteko epea. Gaur da bonua erosteko azken eguna.
· Salmenta lekuak. Herri Antzokiko lehiatilan (Ordizia), Barrera kultur etxean (Ordizia)eta Usurbe Antzokian (Beasainen).
· Abantailak eta baldintzak. Ordiziako eta Beasaingo egitarauetan agertzen diren antzezlan guztietara sartzeko aukera izango dute abonatuek. Antzezlan beraren bi saio izanez gero, abonatuei euskarazko saiorako lekua gordeko zaie. Aldatzeko, dagokion aretoarekin harremanetan jarri beharko dira zazpi egun lehenago.Taldeak
· 10 sarreratik gora. Kultur talde, ikastetxe eta gisakoek, sarrera-prezio berezia izango dute: 10 euro sarrerako. Sarrerak lortu nahi izatekotan, aldez aurretik jakinaraztea komeni da, dagokion udaleko kultura sailean.