Herriarentzat opari polit bana
Gorka Izagirrek irabazi du Ormaiztegiko 49. Ziklo-Krosa, Jon anaia bigarren dela. Lur Zufiria juniorra Gipuzkoako txapeldun da. Ziklo-kros giro bikaina izan da
Meltxor, Gaspar eta Baltasar etorri aurretik, Errege bezpera beste hiru izarrek argitu dute Ormaiztegin. Gorka, Jon eta Lur ormaiztegiarrek herrian ia erlijio den ziklo-krosaren loria dastatu dute. Gorka Izagirrek (Astana) irabazi du Ormaiztegiko 49. Ziklo-Krosa, lehenengo aldiz. Jon Izagirre anaia taldekideak eta biek buruz buruko ikusgarria egin dute, eta herriko nahiz kanpotik joandako zale ugarien gozamena eragin, pasaera bakoitzean oihu, animo eta txalo zaratatsua piztuta.
Ziklo-krosaren osagai ia guztiek bat egin zuten igande goizean Ormaiztegin: eguraldi eguzkitsua, lurra lokatz apur batekin egoki, ikusle saldoa —aparkatzen lanak ziren—, eta gaur egun euskal txirrindularitzak eman dezakeen partaidetza onena, Astana taldeko bi anaia herritarrak buru zirela, eta Gipuzkoako Txapelketen gehigarriarekin.
Itzal bakanetakoa, emakumeen partaidetza baxua: 18 denera. Lur Zufiria ormaiztegiarra juniorretan bigarrena eta lehen gipuzkoarra izan da. Paula Suarez arabarrak irabazi du lasterketa hori, junior, elite eta 23 urtez azpiko nesken artean. 10 kadeteen artean ez zen gipuzkoarrik.
Gidari eta agintari
Zorteak ere asko jokatzen du ziklo-krosean. Herenegun aldeko izan zuten Izagirre anaiek. «Lehengo urtean kristoren gaztaikoa hartu genuen biok ere, eta etxera joan beharra izan genuen. Aurten, beste aldera tokatu da, eta disfrutatzera», zioen Jon Izagirrek, amaitutakoan. Gorkak hartu zuen lasterketaren buruzagitza lehen biratik, Jon oso gertu zuela.
Ismael Esteban kantabriarra, bezperan Torrelavegan irabazita, kokatu zen hirugarren. Baina ez zuen bere eguna. Bi matxura mekanikok eta eroriko batek atzendu zuten garaipenetik. Ezin Ormaiztegin besoak jaso. Liskar itsusia izan zuen, gainera, Antoneneko zubian, doblatutako bat aurreratzean oztopo egin, haserretu eta aurpegi eman zionean. Kevin Suarez ez zen etorri, katarro puntu batek erasanda.
Izagirre anaiek biek batera osatu zuten azken txanpa. Batera iritsiko zirela zirudienean, dema kitzikagarria hasi zen, azken biretan. Gorka erori eta Jonek aurrea hartu zuen lehenengo; Jon lurreratu zen gero, eta zaharrenak behin betiko aurrerabidea hartu zuen. Ikusleak, begirik galdu gabe, zoratzen.
«Prestakuntza bezala hartzen dugu ziklo-krosa, baina gero gozatu egiten dugu», aitortu du Jon Izagirrek. Hark bukatu du neguko lokatz artekoa; otsailean Valentzian hasiko da, Andaluzia, Paris-Niza eta Itzulia gero.
Gipuzkoakoak, Goierrin
Denera 193 ziklistak bukatu zituzten lau karrerak. Eliteen ordubeteko lanean 8 bira osatu zituzten lehen 17ek. Gipuzkoako txapeletarako, paradoxikoki, ez dira sartu Gorka eta Jon Izagirre, Nafarroan eta Araban erroldatuta daude eta.
Gipuzkoako txapeldun elitean Asier Arregi andoaindarra da, 23 urtez azpikoa Mikel Mujika legazpiarra, juniorretan Aimar Erostarbe oñatiarra eta Lur Zufiria ormaiztegiarra, kadeteetan Gari Ugarte legazpiarra, Master 30ean Jon Urteaga idiazabaldarra, M40ean Iñaki Goiburu legazpiarra, eta M50ean Xabier Mendiaraz zaldibiarra.
Jose Maria Basualdori omenaldia egin diote. Iñaki Maiorak eman dio oroigarria ziklo-kroslari arabarrari, 1969an eta 1971an irabazi zuen leku berberean.













