Kaimana eta orkatza nagusi
Larunbatean Desapiyu Eune egin zuten Legazpin. Igor Iñurritegi Beñat Maizi nagusitu zitzaion, eta Alvaro Ruiz Josu Dorronsorori. Ondoren, bazkaria egin zuten
Larunbatean Desapiyu Euneren lehen edizioa egin zuten Legazpin, Beti Gazte Animakzio Elkarteak antolatuta. Bi desafio egon ziren: Alvaro Ruiz Miamiko kaimana Josu Dorronsoro Brinkolako lokomotorari nagusitu zitzaion eta Igor Iñurritegi Xan Mielgo orkatza Beñat Maiz Aiztonagako kuatroporkuatroari.
Beti Gazte taldeak legazpiarrei Desapiyu Eunerako gonbita luzatu zien. Batzuek besteei erronka bota behar zieten urtarrilaren 4rako. Bi bikote animatu ziren: Iñurritegi eta Maiz alde batetik eta Dorronsoro eta Ruiz bestetik, Korostira azkarrago nor igo. Iñurritegi eta Maiz batera abiatu ziren eta Ruizek hiru minutu eta erdiko aldea eman zion Dorronsorori. Iñurritegi eta Ruiz nagusitu ziren.
Orkatza eta kaimana kuatroporkuatroa eta lokomotora baino hobeto aritu ziren. Animaliak makinak baino azkarragoak izan ziren, alegia.
Giro bikaina
Euria egin zuen arren, ikusle asko hurbildu ziren. Ondoren, dozena bat lagunek Muruazpi elkartean bazkaria egin zuten. Bazkaria galtzaileek ordaindu zuten. Amaitzeko, parranda egin zuten.
Iñurritegi gustura ageri da. «Giro ona egon zen. Espero baino ikusle gehiago elkartu ziren, eguraldi eskasa egin zuen arren. Datorren urtean berriro antolatzeko asmoa dugu».
Beti Gazte Animakzio Elkartea bere garaian gaztetxetik pasa eta oraindik gazte sentitzen diren legazpiarren taldea da. 35-40 urte bitarteko legazpiarrek osatzen dute. Urtean zehar ekitaldi ugari antolatzen dituzte, lagunartean disfrutatzeko. Urrian asteburu mikologikoa antolatu zuten Legazpiko Udalaren eskutik.