Azken erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du Ordiziako Koordinadora Feministak
Ordiziako Koordinadora Feministak "emakumeok gure herrietako kale guztietan beldurrik gabe bizitzeko eskubidea" aldarrikatu du, eta erasoa salatzeko deia egin die herritarrei. Bihar iluntzean bilduko dira, Ordiziako plazan.
Azaroaren 25aren harira, emakumeen kontrako erasoak salatzeko Ordizian egindako murala // A. Vierbücher Ordiziako Koordinadora Feministak azken egunetan Ordizian izandako eraso baten berri eman du. Eraso hori salatu eta “libre bizi” nahi dutela aldarrikatzeko, elkarretaratzea deitu dute, bihar arratsalderako. Plaza nagusian izango da bilkura, 19:00etan.
Koordinadora Feministak, azaroaren 25ean “emakumeok gure herrietako kale guztietan beldurrik gabe bizitzeko dugun eskubidea” aldarrikatu zutela gogorarazi du. Mural bat ere egin zuten, herritarrekin elkarlanean. Hain zuzen ere, salatutako puntu kritikoetako baten inguruan izan da azken erasoa.
Talde feministaren ustez, “berriro ere bortxaketaren kulturaz baliatu nahi izan dute emakumeak gauez kalean kontuz ibili behar garenaren iruditegia iraunarazteko”. Hala, “erasotzaileak, gizonak, norbanakoak badira ere, bizi garen gizarte patriarkalak eskura jartzen dituen estrukturez eta ideologiez” baliatzen direla azaldu dute, eta egunero “nola jantzi, nola jokatu, norekin ibili behar dugunaren inguruko mezuak” iristen zaizkiela. Horren aurrean, “nazkatuta” daudela eta eta dutela “horrelakorik onartuko” gogorarazi dute, azken batean, “ez dugula beldurrez bizi nahi, libre bizi nahi dugula”. Erasoen aurrean, “autodefentsa feminista” aldarrikatu dute.













