Barandiaran Beka historiaurreari buruzko proiektu batek irabazi du
Miriam Cubasek zuzenduta, bost kideko taldeak Euskal Herriaren iparraldeko oraintsuko historiaurrea aztertuko du. Bi argitalpen ere atera ditu fundazioak
Barandiaran Fundazioaren patronatuko kideak, urrian, Ataungo Sara etxean egindako bileran // Barandiaran Fundazioa Urte amaiera emaritsua izan du Barandiaran Fundazioak, argitalpenei eta ikerketari dagokienez. Urtezahar egunean ebatzi zuen 2020ko Barandiaran Beka zein proiekturi emango dion. Miriam Cubas Morera arkeologoak zuzendu, eta Angel Armendariz, Jesus Tapia, Izaro Quevedo eta Urko Santamariak osatutako ikertzaile-taldeak jaso du 10.000 euroko diru hornidura duen beka.
Aurtengo deialdiko ikerketa-gaia arkeologia zuen zehaztua fundazioak, eta bekatutako taldeak Oraintsuko Historiaurrea iparraldeko Euskal Herrian: erabateko kronologia eta kultura-aldaketak (PreKronoa) gaia jorratuko du. «Cubasek zuzendutako taldea izanda, gainera, ikerketaren emaitza ona bermatzen digu, bere lan arloan erreferentea baita. Hautatu duten gaia gutxi ikertutakoa da», ebatzi du epaimahaiak.
Gipuzkoan eta Bizkaian historiaurre berantiarraren aztarnak eta garaia ikertuko dituzte. «Hilobi-haitzulo esanguratsuenak aukeratuko ditugu, bertako hilotzak noiz hil ziren jakiteko eta hil ziren unean zer jaten zuten ezagutzeko», aurreratu du Cubasek.
Duela 7.000 urtetik duela 2.000 urtera arteko garaian, haitzuloak ehorzketa toki gisa erabiltzeko usadioaren sistematizazioa bilatu nahi dute, «ehorzketarako leku moduan zein leku erabili ziren gehien aztertuz». Euskal Herriko Historiaurrearen ikerketarako «funtsezko proiektu bat» garatzeko aukera eskertu du Cuebas ikertzaile buruak.
2017ko bekakoa, liburuan
Barandiaran Beka irabazi duten lanak Barandiaran Bilduman argitaratzen ditu fundazioak. 2017ko saria irabazi zuen proiektua batu zaio azkena sortari. Josu Ozaita eta Edurne Urrestarazu antropologo gipuzkoarrek 2017ko bekarekin ondutako Arabako Errioxako enokultura sarea ikerlana da bildumako 20. liburua. Urriaren 17an aurkeztu zuten, Gasteizen, Arabako Foru Aldundiak inprimatu ondoren.
Ardoaren eta Arabako Errioxako kulturaren nahiz bizimoduaren berri jaso dute. «Bertakoen testigantzak jaso ditugu, eta, gure hausnarketarekin josita, liburuak ikerketaren bilketa interesgarria eta aberatsa egiten duela uste dugu», diote egileek.
Ikerketa eta liburua euskaraz egin dituzte jatorriz; gaztelaniaz laburpen bat du. Liburua Fundazioan eskura daiteke, 15 euroan.
Lehendakari aldaketa
Azken zortzi urtean Barandiaran Fundazioaren buru izan den Josemari Velez de Mendizabalen ordez Ixone Fernandez de Labastida (Gasteiz, 1979) da lehendakari berria. Fundazioaren patronatuak urriaren 25ean Ataungo Sara etxean egindako batzarrean hartu zuen kargua. Postu horretan lehenengo emakumezkoa da. Eusko Ikaskuntzako hiru kidek eta, hauteskundeen ondoren, aldundietako, Nafarroako Gobernuko eta Ataungo Udaleko ordezkariek ere karguak hartu zituzten.
Antropologian doktorea eta EHUko irakaslea da Fernandez de Labastida. 2016an, Jose Miguel Barandiaran, euskal gizartea eta kultura ponentzia egin zuen, ataundarraren heriotzaren 25. urteurreneko egitarauan.
«Hein handi batean, Barandiarani esker naiz antropologoa. Prest nago haren ildoari jarraitzeko, ikerketa eta zabalkundea bultzatuz eta Eusko Folklore aldizkaria eremu akademikoan txertatuz», dio fundazioaren lehendakari berriak.














