Oianguko bost bikote Euskal Herriko pala txapelketan
Ohorezko Mailan bi bikote eta beste hiru Euskal Herriko Ligan izango ditu Ordiziako pala taldeak. Lehenengo jardunaldia etzi larunbata izango da eta lau bikotek jokatuko dute goizean hasita
Oianguko palariek Euskal Herriko txapelketan parte hartuko dute aurten ere. Irudia iazkoa da. // Oiangu Oiangu Pilota Elkarteak bost bikote izango ditu aurtengo Euskal Herriko Pala Txapelketan. Horietako bi Ohorezko Mailan arituko dira eta beste hiruk Euskal Herriko Ligan jokatuko dute. Datorren asteburuan ekingo diote txapelketari.
Ohorezko mailan, Xabier Ibargurenek eta Imanol Olaranek osatuko dute bikotea pala motzean, eta Aitor Luzuriaga eta Oier Alkorta gaztea ariko dira larruzko paletan. Lehen hiruek ezaguna dute txapelketa eta emaitza onak lortutakoak dira. Alkortarentzako, berriz, lehen Euskal Herriko txapelketa izango da, eta mailarik altuenean jokatuko du. Hala ere, aurretik erakutsia du joko handia duela eta onenekin indarrak neurtzeko aukera izango du.
Alkorta azpeitiarra da eta 19 urte ditu. Duela urtebete hasi zen Ordiziako taldean. 12 urte zituela hasi zen palan, baina gomazko modalitatean. Oiangukoekin hasi zen larruzko paletan. Azpeitiakoak esan duenez, «lehenengo unetik gustura» sentitu zen eta «Oiangukoek emandako aukera aprobetxatu» nahi izan du. Txapelketaren atarian «ilusioz» dago eta txapelketa «on bat egitea» espero du.
Euskal Herriko Ligan arituko dira Patxi Ropero eta Zuhaitz Letamendia, Iñaki Aranburu eta Martin Mendikoa eta Hodei Irastorza eta Gorka Berasategi. Lehen bikotea pala motzean arituko da, eta azken biak larruzko paletan. Aipatzekoa da Patxi Ropero profesional ohia berriro ere kantxara itzuliko dela 17 urteren ondoren. Entrenamenduetan nabari da berriro ere palari heltzeko ilusioz beteta dagoela.
Larunbatean hasi
Lehenengo jardunaldian, lau bikotek jokatuko dute etxean. Larunbatean izango dira lau partidak. Goizean, 11:00etan, Irastorzak eta Berasategik Oiartzungo Txost hartuko dute Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Arratsaldean, berriz, Roperok eta Letamendiak Andoaingo Gaztelekuren kontra jokatuko dute; ondoren, Luzuriagak eta Alkortak Sopelako Kurene izango dute aurkari, eta, azkenik, Ibarguren II.a eta Olaran Oiartzungo Txosten aurka ariko dira. Arratsaldeko jaialdia 17:00etan hasiko da, Olaberriako udal pilotalekuan













