Harria zizelkatzen duen arotza
Jose Luis Arzuaga artista eta arotz legazpiarra hirugarren obrarekin dabil lanean. Herritarrek dagoeneko hark egindako bi obra ikusteko aukera dute, Mirandaolan eta Gizarte Zentroan.
artista eta arotza da Jose Luis Arzuaga legazpiarra. Ogibidez arotza izan da, baina harria lantzen hasi zen jada helduagoa zela: «Amari egindako eskultura izan zen nire lehenengo lana». Legazpiko Gizarte Zentroan dago Juliana Aierbe ama zuenaren itxurako harrizko bustoa: «Duela 40 urte hasi nintzen pieza hori egiten», azaldu du.
Gizarte Zentroan dago ikusgai, kafetegirako sarrera ondoan. Marmol harriz egindako eskultura da: «Carrarako marmola da, Italiatik ekarritakoa», adierazi du Arzuagak. Bustoa marmolez egina dago, baina egurrezko pieza baten gainean kokatuta. Hori ere Arzuagak landu du: «Sei zulo desberdin egin nizkion, bakoitza bere ezaugarriekin, amak sei seme-alaba izan zituelako».
«Amaren eskultura txabola batean egin nuen», jakinarazi du. Halere, orain aroztegian jarduten du zizelkari lanetan. Erretiroa hartuta, denbora gehiago du artista lanetan aritzeko: «Beti gustatu izan zait, baina aroztegian lanean nenbilenean ia ez nuen denborarik izaten nire gustuko lanak egiteko».
Jendearen harrerari dagokionez, azaldu du herrikoek zoriondu egin dutela: «Ama ezagutu zutenek esaten didate antza baduela eta lan ona egin dudala, eta horrekin geratzen naiz». Eskultore lanetan egindako lehenengo pieza amarena izan arren, bere zaletasuna eta gaitasuna ez zituen publiko egin Mirandaolan jarritako obra plazaratu arte.
Olagizona Mirandaolan
Udalarekin elkarlanean, Arzuagak olagizon baten figura eskultorikoa jarri zuen Mirandaolan: «3,3 metroko eskultura da», agertu du. Olagizona egiteko beste harri mota bat erabili zuen: «Kareharria da; euskal langile umila islatu nahi nuen, lan tresnak eskuan zituela, eta materiala ere garrantzitsua da horretarako». 12 tona pisatzetik, Arzuagaren zizelkadek 3 tonetan utzi zuten obra: «Pentsa, bederatzi tona kendu nizkion harriari», azaldu du. Inguruko harrobietan kareharria badagoen arren, Tarragonatik ekarritako materiala erabili zuen: «Semearekin joan nintzen bertara, eta harrobi hura ikusitakoan jakin nuen huraxe nahi nuela».
Ama eta semea
Olagizona egiteko hiru urte behar izan zituen Arzuagak, baina hura amaituta, beste proiektu batekin hasi da dagoeneko: «Emakume baten figura egingo dut orain, tamaina naturalean, 1,68 inguru neurtuko du», azaldu du. Erronkak gustuko dituela jakinarazi du legazpiarrak: «Zaila izango da, emakumeak besoetan haur bat izango duelako eta xehetasun asko izango dituelako, baina gauza errazak edonork egin ditzake», esan du.
Jose Luis Arzuagaren obrak ikusi nahi dituenak, bi aukera ditu momentuz: Legazpiko Gizarte Zentrora joan daiteke Juliana Aierberen figura ikustera, edo Mirandaolatik paseo bat eman dezake, olagizona begira duela.













