Saioa Martinez de Olkoz ordiziarrak Alavesen jokatuko du
Realaren bigarren taldeko kapitain izan denak, ekainera arteko kontratua egin du Alavesekin. Lehen taldean falta zituen minutuak izango ditu talde arabarrean.
Saioa Martinez de Olkoz futbolari ordiziarrak Alavesen jokatuko du, denboraldia bukatu arte. Realaren bigarren taldeko kapitaina izan da Martinez, eta lehen taldean aritu izan da (2018an egin zuen debuta), eta aurre denboraldia ere haiekin jokatu du. Baina lehen taldean dagoen “konpetentzia handia” dela eta, jokatzeko aukera gutxi izan du aurten. Euskal Liga txiki gelditzen zitzaion, ordea, eta Alaves taldean, Espainiako bigarren mailan jokatzeko aukera izango du.
Martinez de Olkozek ez du Realarekin zuen harremana etengo, ordea; ekainera arteko kontratua egin du Alavesekin, eta hura bukatutakoan, beste edozein talderekin hitz egin ahal izango du, baina, beti ere, Realak izango du lehentasuna.













