Enirioko pista "txikizioa" da Aralar Bizirik plataformarentzat, eta ez "bide egokitzapen" bat
Enirio-Doniturrieta arteko pista "bide egokitzapen" moduan saldu badute ere, "3-4 metroko zabalerako pista" egin dutela, eta "azpiegitura ilegala" dela gogorarazi du plataformak.

Enirio-Doniturrieta pistari bide emateagatik, hainbat udal ordezkari auzipetuta daude, eta aste honetan prentsa aurrean agerraldia egin dute, “mendi bideen egokitzapen bat” egiteagatik inputatu dituztela eta “erabakia demokratikoa” izan zela esateko. Agerraldi hartan esandakoei erantzun die orain Aralar Bizirik plataformak; haien ustez, “mendi-bide baten ‘egokitzapen’ moduan saldu digute txikizio hau”. Izan ere, “3-4 metro zabaleko pista bat egin dute, erremolkedun autoak edota kamioiak” pasatzeko modukoa.
Plataformak gogorarazi du “mendi babeslean” egin dutela hori guztia, hau da, “legez lurra mugitu ezin den lekuan eta babestutako zuhaitzak” ebakita. Hala, pista hartzeko erabakia bozketa bidez eta modu demokratikoan hartu bazen ere, “ez du parkeko legedia errespetatzen” eta horrenbestez, “azpiegitura ilegala” dela deritzote. Pista egiten hasi zirenetik, Enirio eta Doniturrieta arteko eremuak izan duen aldaketa irudikatzen duen bideoa ere zabaldu dute: