Txerria hiltzen zenekoa
Gaur egun ia pentsaezina den arren, duela 15 urte etxeetan artean txerria hiltzen zuten; eta prentsan agertu zitekeen argazki erreportajea. Etxebizitzak ere ehunka eraikitzen ziren 2005ean
Ingurua, parajeak eta antolaketa bakarrik ez. Mentalitatea ere ederki aldatu da 15 urtean. Txerria etxean hiltzeko garai bete-betea zela eta, Gabiriako Agerre baserriko prozesua kontatu zuen argazkitan HITZAk. Baita azalera ekarri ere. Ez zen inolako kexarik edo protestarik heldu. Gaur, ezinezkoa litzateke.
Erretiroak ere albiste ziren, 2005eko urtarrileko hirugarren astean. Agustin Albisua ogi banatzaile urretxuarraren eguneroko gora-beherak zekartzan elkarrizketa batek; edo Aitor Garmendia txirrindulari profesional utzi berriari Itsasondo sorterrian egin zioten omenaldiaren berri.
Politikan, ezker abertzaleko herri plataformen ilegalazioen ondorenak ziren hizpide. Goierriko udaletan, beste alderdietako Goierri 26 zinegotzik uko egin zioten karguari. EAJ-EA koalizioak Itsasondon 7 zizeilu utzi zituen, Ordizian 1,Idiazabalen 2, Seguran 4, eta Zegaman 2; Zaldibian Aralarrek 4 hautetsi kanpoan utzi zituen. Ataunen, Herrigintzak 4 postu utzi zituen libre, Urretxun eta Zumarragan Ezker Batuak eta PSE-EEk eserleku bana. Eta «lapurtutako» karguetan jarraitzen zuten zinegotziei dimititzeko eskatu zieten plataformek, aldi berean.
Gatazkak eta arazoak, mota ugaritakoak, Reflect metodologiarekin konpontzen zituzten taldeak Zerainen elkartu ziren, mundu mailako batzarrean.
Ilbeltza izanik, gripe eta pneumonia kasuek leporaino bete zuten Zumarragako Ospitalea. Beasainen, Bernedoeneko anbulatorio berria eraikitzeko lur mugimenduak hasi zituzten.
‘Txuri’ krosean txapeldun
Kirolaren barrutian, Jose Antonio Blanco Txuri atleta Gipuzkoako kroseko txapeldun atera zen. Segurako Txoritegik irabazi zuen, bestetik, Gipuzkoako taldekako bola txapelketa; bigarren, Legazpiko La Salle B taldea.
Idiazabalen ziklo-kros garaiak ziren. Hirugarren urtez jarraian, proba antolatu zuten urtarrilaren 22an.
Ordizian, San Joan auzoan 572 etxebizitza eraikitzeko oniritzia iritsi zen Gipuzkoako Foru Aldunditik. Zumarragan, Bidaurretako 102 etxebizitzak irailerako entregatzeko asmoa zeukan alkateak, eta bina bizitzako 24 etxe hastekoak ziren.
Zumarragan, oroimen historikoa berreskuratzeko lanarekin hasita zeuden. Arantzadi zientzia elkartearekin hitzarmena sinatu zuen udalak, agiritegia arakatu eta idazlana egiteko.