Alkohola badu aurtengo sagardoak
Goierriko zazpi sagardotegitako ordezkariak izan dira Otatzan egin den txotx irekieran. Andoni Aizpuru ETBko aurkezleak, Nikolas Osinalde Goiturreko zuzendariak eta Jose Antonio Iparragirre Otatzako nagusiak egin dute denboraldiaren aurkezpena.
Goiturreko bazkide diren sagardotegiek txotx irekiera egin dute. Zeraingo Otatza sagardotegian izan da, eta bertan egon da Andoni Aizpuru telebista aurkezlea: “Gabiriarra izanda, gogo handiz jaso nuen gonbidapena”, azaldu du. Gehitu du “sagardozale amorratua” dela eta badituela sagarrondo batzuk berak ere. Altzagako Olagik, Ataungo Urbitartek, Legorretako Auliak, Olaberriako Etxe Zurik, Ordiziako Tximistak eta Zeraingo Oihartek hartu dute parte ekitaldian. Jose Antonio Iparragirre Otatzako nagusiak azaldu du sagar sasoi ona izan dela eta sagardoa alkohola hartuta atera dela: “Kostaldean kostata hartu du alkohola sagardoak, eta Goierrin agian gehiegi hartu du”, esan du.
Nikolas Osinalde Goiturreko zuzendariak, bestalde, adierazi du Euskal Herriko gastronomia identitatearen barruan garrantzia nabarmena dutela sagardotegiek: “Kanpotik datozen taldeek gehiago eskatzen dute, produktu turistikoa bilakatu da”. Horrela, azaldu du “online gida bat” sortu dutela eskaera horiei erantzuna emateko.