Arbolak landatzeko garaian gaude
Haize zakarrak ez du eragotzi feriako asteazkeneroko martxa; zuhaitz, barazki eta fruta landare berriak azpimarratzeko.
H aizeak hotz sentsazioa areagotzen bazuen ere, 9 gradu ziren goizean goiz, negu betean izateko atsegina. «Txantxangorria etxera inguratzen hasi da eta kontuz, hotza datorren seinale!», hala entzun diegu Kontxi Aiestaran oreindarrari eta Klaudio Mendizabal zeraindarrari. Adi zer datorkigun.
Postuz postu, neguko barazkiak eta frutak aukeran. Salbuespen gisa, oraindik ere piper morro gutxi batzuk Aramako Patxi Arizmendiren postuan: «Ia onena emanda daude, normala den bezala, baina landareak han utzita dauzkat eta irauten duten bitartean gutxi batzuk beti biltzen ditut».
Landaretan, hasi da eraberritzen eskaintza. Atzo lehen marrubi landareak (0,90€/k), orburuak (1€/bakoitza) eta bitarteko porrua (3,5€/ehuneko sorta) ikusi genituen. Azken horietatik Esther Illarramendiren postuan sorta bakarra gelditzen zen 09:30erako; nonbait jendea zain-zain zen.
Zuhaitzak aldatzeko garaia
Patxaka Mintegiko Juan Gamio Zubialde zuhaitz landare saltzaile berria, abenduaren 4az geroztik Gudarien Etorbidean, Barrena etxepean, topatuko dugu. Beintza-Labaiendik etortzen da eta sagarrondo basatiaren hazitik sortutako landareak ditu salga: errezila, arkumexa, anisa, udazken gozoa…
Aurten ez da beste inor etorriko. Gizarte ohiturak aldatzearekin bat arbola landareak erosteko modua ere aldatu da. Azken urteetan gutxituz joan da zuhaitz saltzaileen kopurua, iaz Justo Dorronsoro ataundarra bakarrik etorri zen. Aurten etortzeari utzi dio, «orain kopuru handia nahi duena zuzenean mintegira etortzen da», zioen. Kokagune berria ere ez zaio egokia iruditu eta adinean aurrera doala, horiek feria honetara etortzeari uzteko arrazoiak. Hala ere, gustura etorri izan da urte askotan, «ez da saltzea bakarrik, jendearekin hitz egin, informazioa trukatu eta tratuak lotzeko egokia gertatzen da». Orain Juan Gamiok betetzen du eginkizun hori, martxo hasierara arte behintzat segituko du astero etortzen.
Bestalde, zuhaitz landareak Nekazal Kooperatiban ere salgai dira. Leondik ekarritakoak dira batzuk, eta zitrikoak Valentziatik, Izaskun Altunak esan digunez: «3 eta 4 urteko arbola landareak dira, sustraiak ia itsatsita dituzte». Intxaurra, hurra, limoia, lima, gaztaina, arana, erreineta sagarra, mizpira, gerezia, kiwia eta abar, motaren arabera, 9,75-18,60 euro artean bakoitza.
Eta biak ala biak azpimarratu dutenez, oraintxe gaude zuhaitzak landatzeko garai bete-betean, eta asmo hori duenak non erosi edo informazioa jaso urte garai hau baliatu behar du horretarako, martxora arte itxoin gabe.
Bestalde txertaketa garaia ere bada, erretxina hasi da ekartzen Arantxa Zurutuza aramarra.