Ezkutaturiko historia, Seguran argira
Nafar erresumaren gudaroste batek 1331n Lazkaoko jaunaren aurka buruturiko setioa maketa batean irudikatu du Rafa Berasategi segurarrak. Ofizialki kontatu ez den historiaren lekuko da.
Historia eta Euskal Herriaren menperakuntzan ofizialki jaso eta kontatu ez diren kontakizunak xehetzea ditu pasio Rafa Berasategik. Maketak egiten ditu gero, besteak beste. Orain arte Segurako eraikinen eta hiribilduaren 9 zeuzkan eginak, eta Erraztiolatza museoan ditu erakusgai. Beste urrats bat egin, eta 1331ko gertakari historiko bati buruzko maketa egin du orain. Museoko erakusleihoan jarriko du azken hori ere.
Nafarroako erresumako mila herritarrek 1330eko abenduaren hasieratik 1331ko urtarrilaren 3ra Lazkaoko jaun Juan Lopezen aurka egin zuten guda-setioa irudikatu du. Bere kontestu historikoan jarri du, Arturo Campionek artxiboetatik berreskuratutako agirietan oinarrituta.
Gaztelak Nafarroari lurrak 1200ean konkistatu ondoren, Gaizkileen muga deitu zuena eraiki zuen, oraingo Goierriren hegoaldea tartean zela. Gaztelako erregeak Lazkao, Amezketa eta Berastegiko jauntxoak jarri zituen ingurua kontrolatzeko aginpidearekin. Abere lapurretak, suntsiketak eta nafar lurretan barneraketa sarraskitsuak antolatu zituzten haiek. Aurre egiteko, Nafarroako Erresumak Lazkaoko dorretxearen aurkako operazioa egin zuen arte.
Seguran katapultak eginda
1330eko abenduan Etxarri Aranaztik abiatu, eta mila laguneko gudarostea batu zuen Nafarroak. Seguran eraiki zituzten katapultak eta gerrako makinak. Maketan, Berasategik Segura eta Lazkao jarri ditu, dorretxearen kokagunea nagusi dela eta hiribildua urrutian txikiago.
Gudarien figurak banan-banan margotu ditu, begiak ere detailatzeraino. Katapultak, jauretxe suntsitua, Nafarroako banderak zutik, eta behiak ageri dira. Agirien arabera, gastu handia eragin zuen guda-ekintzak Nafarroarentzat: 2.725 libera. Hamabost egunean, 143 behi jan zituzten gudariek; okela, ogia eta ardoa ziren elikagai ugarienak.
«Gure historia berreskuratzeko bidean egiten ditut maketak. Historia bat daukagu, baina alde batekoa bakarrik kontatu digute, bestekoa isilduta. Segurako jendearen ohorez egin dut maketa hau, 1331n herritarrek adorea eduki baitzuten garai hartako Euskal Herriko etsaietako bati aurre egiteko», dio Berasategik.
Bailaren edo herritarren arteko liskarrez aparte, erresumen arteko guda-ekintza izan zela diote, bestetik, agiriek.
Isiltasun intentziozko horren adibidetzat jarri du Berasategik Segurako artxibo historikoan Nafarroarekiko auziez dagoen hutsunea. «Seguran inongo dokumentaziorik ez egotea harrigarria da. Nafarroako artxiboetan, aldiz, asko dago. Horrek zer esan nahi du? Hemen bakarren bat saiatu zela dokumentazio hori ezabatzen».
Judutarren kasuan, berdin. «Seguran ez dago ezer. Eliminatuta daude, existitu izan ez balira bezala. Baina Gasteizen edo Simancasen Segura azaltzen da».
1331ko erasoaren ondoren, badirudi Lazkaoko jauntxoak lezioa ikasi zuela. «Muturra atzeratu zitzaion». Baina Segura eta Urretxu hartzeko ahaleginean jarraitu zuen, Nafarroaren aurka ekiten segitzeko kokagune aparta baitzen. Ez zuen lortu. Hurrengo maketan kontatuko du Berasategik, buruan baitarabil.