Garikoitz Larizek 'El gran crucero' obrarekin irekiko du Antzerki Garaia
Aurtengo zikloko Ordiziako lehen emanaldia ostiralean egingo dute 22:15ean, Herri Antzokian. Hiru militarrek egiten duten bidaia kontatzen du eta metaforaz josia dago
La Pescaderia Ambulante antzerki taldeak, El gran crucero antzezlanarekin irekiko du Antzerki Garaia zikloa Ordizian. Aurten, zortzi emanaldi antolatu dituzte. Ostiralekoa, bigarren emanaldia izango da. Herri Antzokian izango da 22:15etik aurrera. Sarrerak Barrena Kultur Etxean daude salgai. Ohi bezala, Beasain eta Ordiziako udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute Antzerki Garaia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.
Garikoitz Lariz aktore ordiziarra, etxera itzuliko da, El gran crucero antzezlaneko protagonistetako bat baita. Malagatik Ordiziara bidean zetorrela harrapatu eta «ilusioz beterik» dagoela kontatu du Larizek, Ordiziara itzultzea «beti baita atsegina».
Larizekin batera, Noe Lifona eta Jose Luis Guerrero igoko dira oholtza gainera. Hiruen artean, «metaforaz betea» dagoen obra gorpuztuko dute. Hiru militarren bidaia kontatzen du antzezlanak, eta ikusleak haiekin batera egingo dute bidaia hori. «Galduta daude, eta pixkanaka konturatzen joango dira ingururatzen dituen errealitateaz, esan daiteke, beltzune batean» daudela.
Alfereza
Ordiziarrak, alferezaren papera egiten du. «Pertsonaia errebeldeena da, sumienduen dagoena eta hiru pertsonaien artean errealitateaz jabetzen den lehena».
Antzerki «soziala eta politikoa» bezala definitzen du. Ikusleek «ongi pasako dute baina buruari eragin beharko diote pixka bat, antzezlanak dituen metaforak eta ezkutuko mezuak argitzeko». Frankismoaren eta trantsizioaren garaietara hurreratuko du ikuslea eta garai hartan gertatu bezala «eskuin-ezker eskuin-ezker ibiliko dira, beti toki berean amaitzeko». El gran crucero izenak ere badu arrazoi bat. Hiru pertsonaiek uste baitute zerbitzu militarra amaituta bidaia handi bat hasiko» dutela.
Hainbat ipuinek osatzen dute lana, eta protagonistek haien bizi-esperientziak kontatzen dituzte.
Goierrin aurkeztuko dutena, ibilbide luzea duen lana da. «Malagan aurkeztu genuen, Canovas aretoan eta bi hilabetez egon zen karteldegian; ikusleen aldetik erantzun oso ona izan zuen». Hainbat aretotatik igaro dira harrezkero eta sariak ere jaso dituzte. Malagako Ateneo saria jaso zuen 2018an, lan original onena izateagatik.