Goierritarrak atzerrian, atzerritarrak Goierrin
Nazioarteko hainbat egitasmo sozialetan parte hartu izan dute goierritarrek urteortan, eta duela 15 urteko egunkaria da horren adibide. Beasaingo herritar talde bat Tindufeko kanpamenduetan izan zen; aldiz, nazioarteko ordezkaritza batek Zerain bisitatu zuen.
Euskal Herriak, eta batez ere Goierrik, harreman estua dute aspalditik Saharako herriarekin. Bi herrien arteko elkarlana lantzen duten hainbat elkarte daude, eta bertako haur ugari etortzen dira urtero, uda hemen pasatzera. Harreman horren lekuko izan zen, duela 15 urte, Goierriko Hitzak argitaratutako informazioa. Beasaingo hainbat herritar Tindoufeko errefuxiatu kanpamenduetan izan zen bisitan. Idoia Zabalegi, Lurdes Galarraga, Amaia Escudero, Maitane Hernaiz eta Mikel Zabalegi izan ziren horietako batzuk, eta han bizitako esperientzia kontatu zuten. Kanpamenduetako baldintzak “oso gogorrak” badira ere, “esperientzia polita” izan zela eta bidaiak “mundu berri bat” ezagutzeko balio izan ziela azaldu zuten.
Bertakoak kanpora, eta kanpokoak bertara. Reflect-Ekintzako Nazioarteko Elkargoko koordinazio taldea Zeraingo aterpetxean bildu zen egun haietan. Asia, Afrika, Ertamerika eta Europako hainbat herrialdeetako ordezkariak elkartu ziren, ekainean Zerainen bertan egitekoak ziren mundu mailako jardunaldiak prestatzeko. Reflect-Ekintza metodologia erabiliz, aldaketa eta garapen sozialaren aldeko proiektuak bultzatzea zuten helburu. Nikola Foroni eta Arantxa Larrinaga proiektuan buru-belarri sartuta zeuden, eta haren inguruko xehetasunak eman zituzten.
Bestalde, presoen eta gazteen egoera salatzeko hainbat protesta egin zituzten egun haietan, eta horien berri ere eman zuen Hitzak. Euskal gazteria aurrera! lemapean, 100 bat lagunek manifestazioa egin zuten Beasaingo kaleetan, Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen aurkako polizia operazioak salatzeko. Bestalde, EPPKk deituta, hainbat preso txapeo-ak egiten ari ziren, protesta moduan, bizi zituzten baldintza kaxkarrak salatzeko. Tartean bost goierritar zeuden, eta eskualdean hainbat mobilizazio deitu zituzten, haien babesa adierazteko.