Jabekuntza eskolan bost tailer egingo dituzte ikasturte honetan
Bost talde finko ere badaude: edertasunez zahartzea helburu duena, emakume musulmanena, etorkinena, zaintzaileena eta autoestimua hobetzea helburu duena
Goierri garaiko jabekuntza eskolan bost tailer antolatu dituzte ikasturte honetarako. Horretaz gain, betiko moduan, talde finkoetan parte hartzeko aukera egongo da.
Jabekuntza eskolan, emakumeek jasaten duten bazterkeriaz jabetzen dira eta gizarte egituren aurka egiteko erremintak eskuratzen dituzte. Mundua eraldatzen lagunduko dien bizi esperientzia bat lortzea da helburua. Emakumeen partaidetza eta jabekuntza sendotzea eta gizarte justu, anitz eta osoago bat lortzea, alegia. Baita emakumeen arteko sareak sortzea eta hauek aktiboagoak eta parte hartzaileagoak izatea.
Horretarako, talde finkoak eta tailerrak daude. Ekintza guztiak doakoak dira eta, aurretik jakinarazita, haurtzaindegi zerbitzua egongo da. Ikastaro guztiak emakumeen etxean izango dira (Urretxuko Pagoeta auzoan). Talde finkoak ere bertan elkartzen dira. Ezinbestekoa da izena ematea.
Tailerrei dagokienez, aurten bost antolatu dituzte: Tai chi chuan tailerra, Autonomia eta ahalduntzea, Emakumeak mugimenduan, Batukada feminista eta Emakumeen aurkako indarkeria janariaren, formaren, moldeen eta pisuaren bitartez.
Tai chi chuana barnera begirako arte martziala da. Medikuntza txinatarra oinarritzat hartuta, ongizate fisikoa eta emozionala bateratzen ditu. Tailer hori astelehenean hasi zen eta maiatzaren 30ean bukatuko da. Saioak astelehenetan dira, 17:30etik 19:30era. Nagore Orbelzuk dinamizatuko ditu.
Ahalduntzea
Ahalduntze tailerrean emakumeek askeago izaten ikasiko dute. Tailer hau atzo hasi zen eta martxoaren 4an amaituko da. Saioak asteazkenetan dira, 15:00etatik 17:00etara, gazteleraz. Pepa Bojo da gidaria.
Emakumeak mugimenduan tailerrari dagokionez, bakoitzak nahi duen bezala eta epairik gabe dantza egiteko, elkar ezagutzeko eta zaintzeko espazio bat izango da. Saioak ostiraletan izango dira: otsailaren 7an eta 21ean, martxoaren 6an eta 20an, apirilaren 3an eta 24an eta maiatzaren 8an eta 22an, 09:30etik 11:00etara. Saioak Oihane Vicente dantzari zumarragarrak gidatuko ditu.
Batukada feminista tailerraren helburuak musikara gerturatzea, ondo pasatzea, beste emakume batzuekin lan egitea, sormena lantzea, autoestimua igotzea, kalera irtetea, espazioak okupatzea eta jendea gozaraztea dira. Saioak asteazkenetan izango dira: hilaren 22an, otsailaren 5ean eta 19an, martxoaren 4an eta 18an, apirilaren 29an eta maiatzaren 13an eta 27an, 18:00etatik 20:00etara. Dinamizatzaileak Arantxa Vicedo eta Ainara Sarasketa dira.
Bukatzeko, Emakumeen aurkako indarkeria janariaren, formaren, moldeen eta pisuaren bitartez tailerraren helburua norbere gorputza onartzea eta elikadura kontzientea lantzea da. Saioak larunbatetan izango dira: apirilaren 4an eta maiatzaren 30ean, 10:30etik 14:30era eta 15:30etik 19:30era. Gazteleraz izango dira eta Miriam Herbonek gidatuko ditu.
Talde finkoei dagokienez, edertasunez zahartzea helburu duena hileko lehen eta hirugarren astearteetan elkartzen da, 17:30etik 19:30era. Emakume musulmanen ahalduntzea eta alfabetatzea helburu dituen taldea astelehen eta ostegunetan elkartzen da, 10:00etatik 12:00etara. Emakume etorkinen taldea, berriz, ostegunetan elkartzen da: 16:00etatik 18:00etara. Autoestimua hobetzea helburu duen taldeak eta emakume zaintzaileenak oraindik ez dute egutegirik.
Emakumeen etxea udaberrian ireki zen. Eraikin nagusian, harrera gela, Berdintasun teknikarien bulegoa, emakume elkarteentzako takilak, bilera gela eta erabilera anitzeko aretoa daude. Itxitako patioan, gimnasia eta yoga gela eta ikastaroetako aretoa daude. Ateak emakume guztientzat zabalik daude.