«Zientzia gizartearen motorra da, eta hori azaldu egin behar da»
Ezeizabarrenak Talboten efektuari buruzko hitzaldia egingo du bihar Igartzako jauregian, Lemniskataren 'Urtarrila, matematika bila' hitzaldi zikloaren barruan.
Zer da Talboten efektua?
Fenomeno optiko bat da; imajinatu dezagun zirrikitu bertikalak dituen sareta bat, eta argiak sareta hori zeharkatzen duela. Espero daitekeena da argiak zirrikitu bakoitzak uzten duena eremua argituko duela, baina ez da hala: argia, azkenean, uhin bat da, eta sareta zeharkatzean difraktatu egiten da, hau da, norabidez aldatzen da. Hala, uhin berri bat sortzen da eta elkarren arteko interferentziak agertzen dira.
Egia da hitzez azaltzeko konplikatu xamarra dela, eta hobe dela era ikusgarri batean egitea. Horregatik hitzaldi formatua oso erakargarria da, bideoak, argazkiak, ikusentzunezko euskarriak erabili ditzakegulako.
Efektu mikroskopikoa da, ezta?
Begi hutsez detektatu daiteke, baina efektu mikroskopikoa dela esaten dugunean adierazi nahi dena zera da: sareta oso estu bat behar dugula, bi zirrikituen arteko distantzia benetan txikia dela. Zergatik? Bada, argia uhin bat delako, eta argi uhinaren luzera osooso txikia delako. Gutxi gorabehera, 500900 nanometro inguru. Nanometro bat begi hutsez ikustea ezinezkoa da.
Zein erabilera du?
Argazkigintzarekin lotzen da, baina ez dute harreman zuzena. Halere, biharko hitzaldian argazkigintzari buruz hitz egingo dut Talbot izan zelako gaur egungo argazkigintzaren aitetako bat. Berak sortu zuen historiako lehen argazkietako bat.
Lehen argazkia lortzeko argiaren portaera ikertu behar izan zuen, eta lanean jabetu zen argia difraktatu egiten dela oztopo batetik igarotzean.
Nor zen Talbot?
XIX. mendeko zientzialaria izan zen: matematikaria izateaz gain fisikaria ere bazen, botanikan ere jardun zuen bi landare espeziek daramate bere izena, etimologia lanak burutu zituen… Halako zientzialariei polimatak direla esaten zaie.
Eta zuk nola ezagutu zenuen bere efektua?
Doktore tesia egiten ari naiz matematika aplikatuen euskal zentroan, zehazki Riemannen funtzio ez diferentziagarriaren inguruan. Horren atzetik dagoen esperimentu fisikoa Talboten efektua da. Orduan ezagutu nuen Talbot eta bere efektua.
Hitzaldi eta artikulu bat baino gehiago eman dituzu bere inguruan. Dibulgazioari garrantzi handia ematen diozu?
Dibulgazioari nire inguruan dauden zientzialariek eta matematikariek garrantzi handia ematen diote, guretzako oso garrantzitsua baita. Zientzia gizartea mugitzen duen motorra da, eta hori azaldu egin behar da. Matematikari eta fisikari esker, osasun munduan, esaterako, aurrerapen handiak egin dira. Zientzialariak egunerokoa errazteko lanean jarduten gara, ez gauza mistikoetan, eta hori jendeari helaraztea oso garrantzitsua da.
Gainera, ikerketa hauek finantzatzen dituen diruaren zati handi bat publikoa da, eta herritarrek eskubide osoa dute euren dirua zertara doan jakiteko.
Hitzaldia euskaraz izango da.
Lemniskatako arduradunek euskararen presentzia bermatu nahi zuten eta, noski, euskaraz dakigunok ez gaituzte gaztelaniaz hitz egiten jarriko. Hitzaldi berbera gaztelaniaz egina dut, baina ez dago inolako trabarik euskaraz egiteko.