Anbulategiko lanak, hasi berri
Duela hamabost urte hasi zituzten Beasaingo anbulategi berria eraikitzeko lanak, Bernedo-enean.
Ohitu egin gara dagoeneko, baina duela urte, proiektua besterik ez zen Bernedo-eneko anbulategia. Beasainek aurretik ere bazuen osasun zentroa, Zaldizurretan, baina toki eta espazio arazoak tarteko, tokiz aldatu eta berria egitea erabaki zuten. Duela hamabost urte hasi ziren eraikitze lanak, 3 milioi euroko aurrekontuarekin eta 18 hilabeteko epearekin. Hasieran hainbat zailtasun izan zituzten, erreka ondoan kokatuta zegoelako, eta hondeamakinek olio putzu bat aurkitu zutelako. Horiek gaindituta, ordea, eraikuntza lanekin hastear ziren. Anbulategi berriarekin batera, lehengoa zegoen tokian biribilgunea egiteko proiektua ere martxan zuen udalak.
Azpiegiturekin jarraituz, Beasaingo-Durango autobidean, Ormaiztegi eta Zumarraga arteko zatia bukatzen ari ziren. Aldundiak udaberri alderako iragarri zuen irekiera, eta ordurako, bidea asfaltatzen ari ziren hainbat zatitan. Egunero 11.000 ibilgailu pasatzen ziren handik.
Eta kirol arloan, Aitor Garmendia txirrindulari ohiari omenaldia egin zioten Itsasondon, bere jaioterrian. Bazkari herrikoia, musika, bertsoak, dantza eta opariak izan ziren festan. Aurretik, Ijitu Kirol Elkarteak antolatuta, txirrinduzale irteera ere egin zuten, 30 bat lagunek. Bazkaritan berriz, 130 lagun inguru elkartu ziren, frontoian. Garmendia, hunkituta eta esker oneko agertu zen, herritarren babesagatik.