«Duela hilabete edo hasi ginen kea etxean nabaritzen»
Australian bizi da Arrate Arbiza ordiziarra duela sei urtetik. Suteak Sidneytik 100 kilometrora badituzte ere, azken hilabetean kea eta errautsa nabari dute. Neurriak hartu behar izan dituzte.
Azkeneko hilabeteetan albiste dira Australian izaten diren suteak. Ondorioak larriak izaten ari dira: zortzi milioi hektarea kiskali dituzte; 26 pertsona eta mila milioi animalia hil dira. Australian ohikoak dira baso suteak, baina aurten, bereziki kezkagarria da eta oraindik, ehun sute baino gehiago daude piztuta. Emandako datuez gain, kutsadura, herritarrentzat arazo larri bilakatzen ari dira. Hainbat herritarrek eta eragilek Scott Morrison Australiako lehen ministroari egotzi diote ezer gutxi egin duela suteen aurka.
Arrate Arbiza (Ordizia, 1990) Sidneiyn bizi da duela sei urtetik. Egoera hori nola bizitzen ari den kontatu du.
Nola ari zara bizitzen suteen arazoa?
Urtero egon ohi dira. Natura oso indartsu hazten da hemen eta ohiko da sute kontrolatuak egitea. Baina pasa den irailetik ezin kontrolatu dabiltza. Ekaitzek egoerak okerrera egitea ekarri dute, lehorte handia dago eta tximistek sute gehiago eragin dituzte. Haizete handiak daude baita ere, eta horrek ere ez du batere laguntzen.
Australiako lehen ministroak berak esan du krisiari ondo erantzuten ez duela jakin. Herritarrek zer diote?
Jendea oso haserre dago, batez ere Morrisonek eman duen itxuragatik. Ez du jakin gaiari behar bezala heltzen. Hasieran garrantzia handirik ere ez zion eman, pentsa! Krisia momenturik txarrenean zegoenean, oporretan joan zen.
Ordezkari politikoek herritarrek behar dugunean laguntza ematea nahi dugu eta ez horrelako gertaera baten aurrean kriket taldeko laguntxoekin argazkiak ateratzen egotea ondoren sare sozialetan zabaltzeko. Ezta egoera honi aurre egiteko lanean ari diren haiek eskua ematera behartu eta argazkia ateratzea ondoren.
Horren guztiaren aurrean, herritarrak altxatu eta protestak antolatu dituzte, gobernu aldaketa eskatu dute.
Sidneyn bizi zara eta nabari duzue suteen eragina?
Bai! Duela hilabete edo hasi ginen kea etxean nabaritzen. Goiz batean, esnatu eta etxean ke usaina zegoen, erre usaina. Horrez gain, errautsa ere erori da zerutik.
«Ordezkari politikoek herritarrek behar
dugunean laguntza ematea nahi dugu»«Gure eskolan, adibidez, beharrezko
material desberdinen bilketa egin dugu»
Neurri bereziak hartzen ari zarete?
Bai, bai! Eskola batean lan egiten dut eta ezin gara jolastokira atera. Barruan egotera behartuta gaude. Hori da egunerokoa, baina egun larriagoak ere izan dira. Izan ere, ate azpitik kea pasatu da behin baino gehiagotan. Kontu handiz ibili behar dugu, haur batzuk asmarekin edo arnasketarekin lotuta dauden beste gaitz batzuk dituztelako.
Zenbat kilometrora dituzu suteak oraintxe?
Gertuen dagoena, 100 bat kilometrora. Kontua da erre den eremua horren handia dela, airearen kalitatean eragiten ari dela nabarmen.
Protestak aipatu dituzu. Horrez gain herritarrek zein jarrera dute?
Australiarrak pertsona oso solidarioak dira. Segituan daude laguntzeko prest, eta gehiago, horrelako krisialdi baten aurrean. Suteen gaiari lotuta, webguneak sortu dituzte, suteak itzaltzen laguntzeko joan nahi duten boluntarioek izena eman dezaten.
Gainera, eskuzabaltasuna da nagusi. Gure eskolan adibidez, beharrezko material desberdinen bilketa egin dugu. Ur botilak ere bildu ditugu. Diru bilketak ere egiten ari dira. Ospitaleetan medikamentuen eta bestelako materialen bilketa ere egiten ari dira. Jendea mugitzen ari da.
Iritsi diren irudien artean, euriaren azpian boluntario talde bat dantzan ikusi ahal izan da.
Euri gutxi egin du baina gutxi izanda ere jendeak ospatu du. Oraintxe egia esan gehien nahi duguna hori da, euria egitea.
Zure jaioterria ez bada ere, horrelako eremu zabala erretzen ikustean?
Oso gogorra da. Ezagutzen ditudan tokiak dira, pertsona askok haien etxeetatik alde egin behar izan dute, animalia pila bat hil dira eta ari dira hiltzen eta eremua berreskura dadin urte asko beharko dira. Tristura handia sortzen dit.
Ni ere, ahal dudan neurrian laguntzen ari naiz: protestetan parte hartzen, dirulaguntzak ematen eta eskolan kontzientzia sortzen.