«Garrantzitsuena bezeroen edertasuna azalera ateratzea da»
Gorane Dominguezen (Urretxu, 1983) Stylo Hair&Beauty ile-apaindegiak Goierri garaiari dagokion '10 Bitxiak' aitorpena lortu du. Gipuzkoako Bazkundeak ematen duen saria da.
Betidanik gustatu al zaizu mundu hau?
Bai. Ume-umetatik ile-apaintzaileen mundua eta moda asko gustatu zaizkit. 16 urterekin beste batzuentzat hasi nintzen lanean, baina oso argi nuen egunen batean nire ile-apaindegia irekiko nuela. 21 urterekin ile-apaindegi hau ireki nuen, bazkide batekin. Handik hiru urtera banandu egin ginen.
Non egin zenituen ikasketak?
Donostiako Guallar eskolan egin nituen ikasketak. Lanean hasi eta hilabete batzuetara hasi nituen ile-apaintzaile ikasketak.
Zein ile-apaindegitan lan egin zenuen Stylo ireki aurretik?
Zumarragako Itxura eta Pili Comontesen, Urretxuko Aranbelen eta Donostiako Gros auzoko Rizosen.
Zein helbururekin ireki zenuen Stylo ile-apaindegia?
Gauzak asko aldatu dira azken 15 urteetan. Ile-apaindegi moderno bat nahi nuen, baina denborarekin ikuspuntua aldatu dut. Modernoa naiz, baina komertziala ere bai. Denborarekin nire estiloa finkatu dut. Garrantzitsuena bezeroen edertasuna azalera ateratzea da. Bezero bati ezin diot modan dagoen orrazkera egin, orrazkera horrek mesede egiten ez badio.
Arropa ere saltzen duzu.
Moda beti gustatu zait eta duela zazpi urte irudi aholkulari ikastaroa egin nuen Donostian. Ondoren, arropa eta osagarriak saltzeari ekin nion. Horrekin, nire ametsa bete dut. Egunero ilusio handiz etortzen naiz lanera.
Ze arropa saltzen duzu?
Prezio oneko modako arropa eta osagarriak ekartzen ditugu. Moda komertziala da.
Ile-apaindegia eta arropa-denda lokal berean egotea ez da oso ohikoa.
Ez, baina ezin nituen bi lokal ireki. Izan ere, bertan egotea gustatzen zait eta ezin naiz bi tokitan aldi berean egon. Londresen halako ile-apaindegiak daude eta Donostiako Marcial Muñoz ere halakoa da. Nire arropa-denda herri mailako Zara bat da. Gainera, aholkularitza osoa ematen dugu: burutik oinetara. Bezero batzuk ile-apaindegira etortzen dira, beste batzuk arropa-dendara eta hirugarren batzuk bietara.
Bizartegia ere baduzue.
Ez da erraza gizonezkoak emakumezkoen ile-apaindegi batera sartzea, baina bezero oso fidelak ditugu.
Zein ezaugarri dituzte zuen bezeroek?
Hona etortzen diren gizonezko gehienak 20-40 urte bitartekoak dira. Emakumezkoei dagokienez, 20-60 urte bitartekoak dira. Gehienak, 40-60 bitartekoak.
Nongoak dira zuen bezeroak?
Gehienak Urretxukoak eta Zumarragakoak dira, baina kanpoko jendea ere etortzen da: Lazkao, Legazpi, Donostia, Azpeitia, Azkoitia, Antzuola, Bergaratik…
Zerk bultzatzen du pertsona bat beste herri bateko ile-apaindegi batera joatea?
Konfiantza kontua da. Ile-apaintzailearen eta bezeroaren arteko harremana oso berezia da. Azken finean, zure irudia beste pertsona baten eskutan jartzen ari zara. Pertsona bat gustura uzten baduzu, egonaldia atsegina izan bada, ile-apaindegira itzuliko da.
Nola lortzen da donostiar bat Urretxuko ile-apaindegi batera etortzea?
Ahoz ahokoak garrantzi handia du. Ikastaroetan edo bizitzako beste alor batzuetan ezagutu dudan jendea ere nola lan egiten dudan ikustera etortzen da.
Zeintzuk dira azken tendentziak?
Arropari dagokionez, uda honetan urdin argia eta fuksia egongo dira modan. Bestalde, loreek eta figura geometrikoek modan jarraituko dute.
Eta ileari dagokionez?
Naturaltasuna da modan dagoena. Dagoeneko ileari ez zaio pisua ematen. Arintasuna eta mugimendua daude modan.
Urretxuarrak eta zumarragarrak modernoak al dira?
Denetik dago. Baina bai, orokorrean tendentziak jarraitzea gustatzen zaigu.
Zuen lana asko aldatu al da urte hauetan guztiean?
Bai. Ikastaro asko egiten ditugu. Etengabe.
Produktuak asko aldatu al dira?
Geroz eta produktu naturalagoekin lan egiten dugu. Orain arteko askok alergiak eragin dituzte. Duela lau urte produktu naturalekin lan egiten duen etxe batekin lan egiten hasi ginen. Bestalde, lehorgailuak eta plantxak ez dira lehen bezain erasokorrak. Gazteek garrantzi handia ematen diote ilearen osasunari. Adinekoak baino gutxiago etortzen dira ile-apaindegira, asko etxean orrazten baitira. Produktuak erostera eta tratamenduak egitera etortzen dira.