Beasaingo Igartza Musika zikloan beste bederatzi kontzertu iragarri dituzte
Datorren igandean, urtarrilaren 26an hasiko da Oiasso Kamerata taldearen kontzertuarekin.
Igartza Musika Programaren lehen seihilekoa aurkeztu dute eta, denera, bederatzi kontzertu iragarri dituzte. «Lehen musikarien bila ibili behar izaten ginen. Orain hautaketa egin behar izaten dugu», azaldu du Xabier Sarasola antolatzaileak. «Estilo aniztasunaren eta aurrekontuaren arabera osatzen dugu programa», zehaztu du Arantxa Gastesi antolatzaileak.
Oiasso Kameratak zabalduko du zikloa urtarrilaren 26an. Perkusixek itxiko du ekainaren 12an. Tartean, gutxienez hilabetean behin, kontzertu bat egongo da Beasaingo toki ezberdinetan. «Musika herrian zehar barraiatzea da zikloaren helburuetako bat», esan du Xabier Matarranz kultur zinegotziak.
Aniztasuna
Ikuskizun handiak zein talde txikiak uztartu dituzte antolatzaileek bostgarren musika programa osatzeko. Martin Zalakain ikuskizunean, esaterako, ehun lagunek baino gehiagok hartuko dute parte. Agertoki berezi bat egokituko dute Antzizar kiroldegian egunerako. «Kiroldegiak bere onurak eta trabak ditu, baina produkzio handiena duen ikuskizuna da», azpimarratu du Sarasolak. Maiatzaren 23an izango da, festa bete–betean.
Imanol Jazz ikuskizuna Karlos Gimenez beasaindarrak, Iñaki Salvador, Ainara Ortega eta Petti musikarek osatzen dute. «Lau izen handi hauek elkarrekin Beasainen izatea luxu bat da», Sarasolaren hitzetan. Imanolen abestiak joko dituzte jazz ukitu batekin; Amorantek ere euskal abesti herrikoiak jotzen ditu, «baina ikuspuntu garaikide batekin. Ikutu berezia ematen dio».
Guillermo Lopez biolontxelista eta Eolo Andino saxofonista, iazko Igartza Musika Bekako irabazleak, entzuteko aukera martxoaren 29an izango da.
Egitaraua:
- Urtarrilaren 26an: Oiasso Kamerata Igartzako jauregian (19:00).
- Otsailaren 7an: Imanol Jazz Usurbe antzokian (21:00).
- Martxoaren 1ean: Amorante Igartzako jauregian (19:00).
- Martxoaren 29an: Guillermo Lopez eta Eolo Andino, Igartza Musika Beka Irabazleak, Igartzako jauregian (19:00).
- Apirilaren 5ean: Loinatz Abesbatza San Martingo baselizan (19:00).
- Apirialren 26an: Euskadivarius Sinfonia Andre Mari Zeruratuaren parrokian (19:00).
- Maiatzaren 9an: Donostiako Kontserbatorioko Orkestra Andre Mari Zeruratuaren parrokian (19:00).
- Maiatzaren 23an: Martin Zalakain Antzizar kiroldegian (20:30).
- Ekainaren 12an: Perkusix Erauskin plazan (19:00).