Iragana ulertuta, etorkizunera
Legorretako herritarren bizimodu ohiturak bildu dituzte 'Ez zela kajoi batean gordetzekoa' liburuan. Maria Josefa Lasa izan da proiektuaren sustatzaile nagusia.
Mundua aldatzen ari da, azkar gainera, eta garrantzitsua da nortasunaren lekukotasunak jasotzea eta transmititzea. Kultur ondare ez-materialak gizakia nondik datorren erakusten du beti; lagungarri izan daiteke erabakitzeko zein bide den egokiena, eta etorkizuna eraikitzen hasteko ere balio izan dezake.
Ez zela kajoi batean gordetzekoa izenburupean argitaratu duten liburuak Legorretako baserri giroko bizimodua biltzen du, batez ere. Maria Josefa Lasak, egileak, 2011n ekin zion bideari. Aranzadi zientzia elkarteko Dani Perezek sendabelarren inguruko ikastaro bat gidatu zuen garai hartan Legorretan, eta, gaiak erakarrita, ikastaro hartan parte hartu zuen Lasak ere; handik sortu zen proiektua. Perezek, sendabelarren inguruan zuen jakinduriaz gain, beste zerbait ere erakutsi zien bertaratutakoei: transmisio lanak duen garrantziaz hitz egin zien. Ondare ez-materiala jasotzeko elkarrizketa “erreminta aproposa” izan zitekeela gaineratu zuen Perezek, eta, hark esandakoa jasota, “bide luze eta aberats bati” ekin zion Lasak.
Jendearen harrera ona
Aspaldian Urnietan bizi da, baina legorretarra da Lasa, eta jaioterria aukeratu zuen proiektua gauzatzeko. “Hasiera-hasieratik jendea laguntzeko prest agertu zen, eta berehala ikusi nuen herritarrek jakinduria handia daukatela”. Baserri giroko bizitzari balioa emateko asmoz, baserritarrak elkarrizketatzen hasi zen Lasa, eta, batez ere, ondare hori gal ez zedin, baserri giroko bizimoduari buruzko informazioa biltzea ere erabaki zuen. 22 herritar elkarrizketatu zituen lehenik, eta, bideari sendabelarren bueltan ekin bazion ere, “sendabelarrei buruzko informazioa baino askoz gehiago” bil zitekeela konturatu zen.
Elkarrizketak egiteko, etnobotanikan oinarritutako galdeketa erabili zuen Lasak, Perezen bidez jasotakoa, eta, horri esker, oso modu zabalean jaso ahal izan zuen bizimodu horri buruzko informazioa. Ordukoa “oraingoa baino bizitza autonomoagoa” zela konturatu da Lasa, “nahiz eta zailtasunak ere bazituzten, naturari lotutako bizimoduetan hala izan ohi delako”. Beren buruaren jabe zen komunitate bat osatzen zuten garai bateko legorretarrek: “Dena zeukaten baserrian; barazkiak, adibidez. Harreman estua zeukaten basalandareekin ere; sendabelarrak ezagutzen zituzten, eta, horien bidez, baita osasun arazoak konpontzeko baliabiderik gehienak ere; beraz, medikuarengana joateko behar gutxiago zuten garai bateko herritarrek; gaur egun baino lotura estuagoa zeukaten basoarekin, eta ondo ezagutzen zituzten egurra eta haren erabilpenak…”. Kontu horien guztien berri izateko, liburua irakurtzeko gonbita egin du egileak.
“Oraingoa baino bizitza autonomoagoa zen lehengoa,
nahiz eta, normala den bezala, zailtasunak ere bazituzten”“Testigantzak jasotzea beharrezkoa zen, denboraren
poderioz Legorretan bizimodu ohiturak gal ez zitezen”
Ikerketarekin mundu zabal bat irekitzen ari zela jakitun, Legorretako Udalarekin harremanetan jarri zen Lasa, biltzen ari zen informazio guztia haien interesekoa ere izan zitekeelakoan. “Eta hasiera-hasieratik laguntzeko prest agertu zen udala”, zehaztu du. “Herrian altxor bat zuten esku artean, eta segituan konturatu ziren horretaz”.
Sendabelarren inguruko jakin-minetik abiatuta, Lasak berak hasieran imajina ezin zezakeen forma hartzen hasi zen proiektua; konturatzerako, material asko zeukan jasota. Guztia liburu batean biltzea “oso interesgarria” izan zitekeela pentsatu zuen, eta, Lasa bera gidari zutela, zazpi pertsonako lantaldea osatu zuten proiektua osatzeko. 2018ko uda amaieratik 2019ko udaberrira elkarrizketa gehiago egin zituzten jarraian, 35 guztira.
Testigantzen garrantzia
Lasak elkarrizketatu dituen herritar gehienak adinekoak dira, “70 eta 80 urte artekoak, batez ere”, zehaztu du. Joxe Mujikak 78 urte ditu, eta hark kontatutakoak ere jaso dituzte liburuan. “Testigantzak jasotzea beharrezkoa zen, denboraren poderioz Legorretako bizimodu ohiturak gal ez zitezen”, nabarmendu du Mujikak berak. Gurasoek “gauza asko” irakatsi ziotela aitortu du, baina une hartan ez zela konturatzen zenbaterainoko garrantzia zuen. “Orain konturatu naiz”.
Mujikak babarrunen bueltan egin du lan bizitza guztian, eta ondo daki babarrun landareak noiz landatu behar diren, nola zaindu behar diren, noiz jaso behar diren eta arto landareak zein lagungarri diren. Sendabelarrei buruz ere asko daki: “Teilatu belarra orbaintzaile eta lasaigarri moduan erabili izan da; pasmo-belarra, azaleko zein gorputz barruko infekzioak sendatzeko; pareta-belarra, gibeleko arazoak sendatzen laguntzeko…”.
Legorretako ondarea bilduta eta liburua jendaurrean aurkeztuta, herritar ororen eskura dago jakinduria guztia. Lasa ez ezik, lantalde guztia eta elkarrizketatuak eurak ere “ilusioz eta grina handiarekin” aritu dira lanean.
Liburua, gainera, ez da gelditu liburu hutsean, hainbat proiektu sortu baitira bide horretan. Lasak berak gidatuta, sendabelarren ikastaroa egin zuten, adibidez, eta “arrakasta handia” izan zuela aitortu du. Herritarrengan sortutako interesaren jakitun, herriko hainbat ibilbide atondu zituen udalak. Xendabelarrak izena jarri zioten egitasmoari. Xenda eta belarra hitzak elkartu, eta kultur eta natura ondarea bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaini zuten; hiru ibilbide prestatu zituzten Legorretan. Eta, horrez gain, sendabelarren gida ere kaleratu zuten 2018an. Xendapedalak mendi bizikleta proba ere egin zuten mendi ibilbide horietan barrena.