Liderrari aurre egiteko zaleen babesa eskatu du Ampo Ordiziak
Burgosen lortutako garaipenaren ondotik, partida garrantzitsua dute bihar ordiziarrek, Alcobendas liderra hartuko baitute Altamiran. Zaleen babesa eskatu dute taldeak eta jokalariek.
Ampo Ordiziak «garaipen garrantzitsua» lortu zuen asteburuan Burgosen, UBU Colina Clinic taldeari bere zelaian 18-28 irabazita. Garrantzitsua, sailkapenean arerio zuzenak direnek ere irabazi arren, lehen postuetan eta play offetako borrokan jarraitzeko aukera ematen diolako. Baina baita garaipen landua izan zelako ere, «intentsitate handikoa», bai defentsan eta baita erasoan ere.
Taldeak akats gutxi egin zuen. Etxeko mutilek zeresan handia eman dute azken partidan: harrobiko beste gazte batek ere, Mohamed Aminek, lehen taldearekin debuta egin zuen.
Partida garrantzitsua
Hurrengo hitzordua, igande honetan, hilak 19, 12:00etan izango dute, Altamira zelaian, liderraren aurka, Alcobendas taldearen aurka.
Ordiziarrak garaipena lortzera aterako dira zelaira. Aste guztian zehar zaletuen laguntza ere eskatu dute, sare sozialetan zabaldutako bideo sorta batekin. Harmaila bete egin nahi dute etxekoek animoak jaso eta bisitariek presio itzela nabari dezaten.
Sailkapen nagusiari errepasoa eginez, lehenengo lau postuen artean puntu alde txikia dago, beraz edozer gauza gerta daiteke. Laugarren da Ampo (41 puntu), hirugarren El Salvador (43), bigarren Quesos Entrepinares (45) eta Alconbendas lider (46).
- Iñigo Marotias entrenatzaileak zaleei bidalitako mezua. Bideo gehiago ikusgai, Ordizia Rugby Elkartearen sare sozialetan: