Zazpi sorkuntza edangarri Goierrin sagardotegietan
Sagar urte oparoak lehengaitan gabeziarik ez du ekarri aurten. Oro har, azukre natural asko izateak, alkohol gehiagoko sagardoa sortu du. Goierrin txotxa irekitzeko falta diren sagardotegiak gaur hasiko dira.
Sagarraren zuku onduak prest dira Goierriko zazpi dolare sagardotegietan. Bertako sagar esentzia edateko aukera paregabea izango da, uzta ere ugaria izan zenez.
IÑAKI BEGIRISTAIN
Aulia (Legorreta)
«Fruta freskoarekin lan egitea gustatzen zaigu, sagarra lehenago bilduta»
Abendua poliki joan da Aulian, enpresa bazkari eta beste, hil hasieran ireki baitzuten. Bertako sagarra erabili dute dena, «erdia baino gehiago guretik. Sagasti batzuk alokatu ditugu. 8 hektareatik gora dauzkagu gureak». Lehenago hasita, sagardoa aurreratuago dute. «Fruta freskoarekin lan egitea gustatzen zaigu, eta nahiko agudo hasi ginen: irailaren hasieran bildu genituen. Sagardoak ere lehentxeago etorri dira. Txotxean, aurrenekoak politak daude jada».
GARBIÑE GARMENDIA
Etxezuri (Olaberria)
«Iaz baino alkohol gutxixeago du. Gorputza badu, eta edan erraza da»
Urte osoan irekita izaten duten jatetxe zerbitzuari sagardotegikoa batu zaio Etxezurin, denboraldia hasi baitute. «Antzematen da mugimendua», dio Garbiñe Garmendiak. Ekoizpen guztia etxeko sagarrarekin egin ohi dute, eta aurten ere ez da salbuespena izan. «Asko eta ona izan da aurten sagarra». Handik lortu duten edariarekin ere gustura geratu dira. «Gure sagardoari alkohola iaz baino gutxixeago geratu zaio. Oso edan erraza da, eta gorputza badauka. Gu gustura gaude».
HARITZ EGUREN
Oiharte (Zerain)
«Txotx garai lasaiagoa eta botila ondo posizionatzea garrantzitsua da»
Latan merkaturatzeko sagardoa berriki aurkeztuta, horri eman nahi dio Oihartek sasoi honetan indarra. «Nahiko garbi ikusten dut etorkizunean lata erabiliko dela produktua saltzeko». Sagar ugaritasunak, bezero denekikoak ezin egina eragin die, ezin denak hartu. «Dena Euskal Sagardoa izendapenerako egin dugu, itsu-itsuan sinisten dugu eta. Bere arauak ditu horrek, sagasti partzeletatik hasita». Sagardoaz gozatzeko interesa duen bezeria sendotu beharra ikusten du, bestetik. «Txotxean lasaiago lan egin, jendea gusturago bidali, eta botila posizionatu».
JOSE ANTONIO OLANO
Olagi (Altzaga)
«Sagardo desberdina da besteetatik, baina goxoa»
Sagardotegi denboraldiak ere beste urtaroen ildotik izan behar dutela garbi dute Olagin. «Ez dauka desberdina izan beharrik. Jendea mugitzen da, sagardoa probatzen hasteko gogoz dago». Sagardo «desberdina» da besteetatik Altzagakoa, «baina oso ona, goxoa. Azideza finkoa markatzen du. Fruta asko du, alkohola ere pixka bat bai». %80 etxeko sagarra erabili dute, ekologikoki hazia.
JOSE ANTONIO IPARRAGIRRE
Otatza (Zerain)
«Beterrin baino biziagoa izango da Goierrikoa»
Hainbesteko sagar urterik «lehen ezagutu ere egin den» ez daki Otatzako nagusiak. «Gehiegi ere eman dute, beharbada, ondo bukatzeko». Sagardo bizia dator, «Beterrin baino bixeagoa izango da aurten Goierrin». Alkoholez «nahikoa» dator. «Arazoa edukiko dugu azido bolatilari eusten, azkar botilatu behar». Itxura, bestela, «oso ona» du edariak. «Alkohol gehiago edukita, defentsei ere eutsi egiten dio sagardoak». Lurrean inork bildu gabe utzita sagarra galtzen ikustea penagarritzat jo du, bestetik.
AMAIA BLAZQUEZ
Tximista (Ordizia)
«Produktu ona egiten finkatzea dugu helburu»
Gabonetatik emanean ari da Tximistako ziria. Kantitatean baino gehiago, kalitateari erreparatu diote. «Gu nahiko berriak gara, eta helburua produktu ona egiten finkatzea dugu». Sagar aukeran eta prozesuan doitu dute. Diputazioak urrezko dominarekin saritu du botilako sagardoa; «3.000 botila bakarrik ateratzen ditugunez, ez da gutxi».
DEMETRIO TERRADILLOS
Urbitarte (Ataun)
«Indar eta alkohol gehiagokoa izateak lagundu diezaguke»
Ohiturari segiz, Errege osteko ostiralean zabaldu zuen Urbitartek txotxa, lehengo ostiralean. Gradu gehiagoko sagardoa datorkie han ere. «Indar gehiagokoa da, Gipuzkoako behealdean baino. Alkoholez, gradu erdi bat gehiago izango dute. Ezaugarri horiek lagundu diezagukete». Zaporez ere «oso ondo» daude, hasierako detaile batzuk bideratuta. «Oso gorputz ederreko sagardoak dira. Baina beti esaten dudana: jendeari gustatu behar zaio».