Euskarara hurbiltzeko sekula ez da berandu
Ordiziako jubilatu etxean bezala, Beasainen ere euskara ikasteko eskolak ematen hasi dira ikasturte honetan. Ostiral arratsaldero elkartzen dira. Lagun artean eta jolasen bidez ikasten dute euskara.
Ilusioz gainezka joaten dira Jose Estevez, Mari Luz Larraona, Sara Martinez, Jose Benigno Moure, Ramon Nogales, Martina Rivero, Maria Pilar Rodriguez eta Amparo Varga euskara ikastera. Ez dira, ordea, ohiko ikasgela batean elkartzen, Beasaingo Jubilatuen Etxean baizik. Ordizian egiten duten bezala, aurtengo ikasturtean Beasainen ere osatu dute euskara ikasteko taldea.
«Helburua ez da inongo titulaziorik edo maila jakinik lortzea. Belarriprest izan nahi dute, beraien inguruan integratuago sentitu», azpimarratu du AEK-ko Irati Aldaz irakasleak eta proiektuaren arduradunak. «Askok euskaraz dakiten bilobak dituzte, eta beraiengatik etortzen dira», gaineratu du. Sara Martinez da horietako bat: «Kantabriarra naiz, eta gehiengoa ulertzen dudan arren, euskaraz hitz egitea kosta egiten zait. Bilobak barre egiten du nire hanka sartzeekin, eta askatu eta hobetu egin nahiko nuke», azaldu du.
Hutsetik hasi dira euskara ikasten. Euskal kantak, senitartekoak, zenbakiak, orduak… «Jolasean ikasten dugu, arinagoa izan dadin», nabarmendu du Aldazek. «Ahaideak ikasteko, esaterako, norberak bere senitartekoen argazkiak ekarri zituen. Zenbakiak, berriz, dominoan jolasten ikasten ditugu», osatu du. «Urteak ez dira alferrik pasatzen eta gure adinarekin buruari gehiago kostatzen zaio informazioa pilatzea», erantzun dio Amparo Vargak. «Ikastea asko gustatzen zait eta gogotsu etortzen naiz euskara klaseetara. Gainera, aitzakia polita da giro atseginean jendartean egoteko».
Aldazek dio «giro oso ona» dutela ikasgelan, ikasteko aproposa. «Iazko martxoan hasi ginen euskara taldea osatzeko lehen saiakerekin, eta 20 lagunetik gora elkartzen ginen hasieran. Horren talde handia izanda asko urduritu eta lotsatu egiten ziren». Urritik hona taldea txikiagoa da, zortzi lagunekoa zehazki, eta giro intimoagoa dutela dio. «Garrantzitsua da ikasleak ez estutzea, progresioa moztu egiten baita». Harro dago bere ikasleez: «Ikasle inplikatuak dira. Asko ari dira ikasten».
Ikasleek ere aurrerapen handiak egiten ari direla diote. «Euskara betidanik zintzilik dudan ikasgaia da. Ulertu, ulertzen dut, baina sekula ez naiz ausartu hitz egitera eta orain da unea», aipatu du Mari Luz Larraonak. Martina Riverok baietz dio: «Extremadurarra (Espainia) naiz ni, eta denborarekin hitz solteak ikasi ditut. Gutxi gorabehera ulertzen dut, baina den-dena ulertu nahiko nuke». Larraonak Lemniskatak antolatzen dituen hitzaldien adibidea jarri du: «Zientziaren inguruko hitzaldietara oso gustura joaten naiz, baina euskaraz direnean oso gutxi ulertzen dut eta gehiago ulertu nahiko nuke».
Maria Pilar Rodriguez ere belarriprest izatearekin konformatzen da. «Batez ere, bilobengatik hasi naiz euskara ikasten. Euskaraz entzuten ditudanean jakiteko irrika sartzen zait». Jose Benigno Mourek 57 urte daramatza Euskal Herrian, eta 30 urte igaro ditu anbulantziarekin lanean. «Jendearekin lan eginda zertxobait ikasi dut, baina nahi baino gutxiago. Nik ere biloba bat dut, zortzi urtekoa, eta euskaraz erantzun nahiko nioke. Ez da erraza, ordea», onartu du. «Orain denbora gehiago dudala, ea zerbait ikasten dugun», desiratu du. Ramon Nogalesen eta Jose Estevezen kasuak ere antzekoak dira: Badajozen eta Galizian jaio arren urte askoan bizi dira Beasainen, eta erretiroak eskaintzen dien malgutasuna baliatu nahi dute euskarara hurbiltzeko.
Ekainean amaituko dituzte eskolak, baina Aldazek ikastaroari eusteko asmoa iragarri du. Balorazio positiboa egiten du eta deia zabaltzen die herritarrei.
Ordizian duela 7 urtetik
Ordizian zazpi urte daramatzate euskara ikasteko jubilatuentzako eskolekin, eta urtetik urtera arrakasta handia izaten du antolatzaileen hitzetan. Legorretako udalak ere interesa adierazi du. «Gurekin harremanetan jarri dira zerbitzua Legorretara ere hedatzeko. Ea etorkizunean are herri gehiagotara zabaltzen den», opa du Aldazek.