Txerri hilketaren ondorengo festa egingo du La Bellota elkarteak
Legazpiko La Bellota extremadurar zentroak, txerri hilketaren ondorengo festa egingo du igande eguerdian, Azokan.
La Bellota extremadurar zentroak antolatuta, txerri hilketaren ondorengo festa egingo dute 18. aldiz igandean, Azokan, 12:00etan hasita. Kutsu gastronomikoa izango du festak, eta Extremadurako hainbat produktu tipiko dastatzeko aukera izango da, denak txerri hilketarekin zerikusia dutenak: ogi-mamiak Caceres zein Badajoz erara, haragia, hirugiharra eta txorizo egosia, guztia herrialde horretako ardoaz gozatua. Odolkiak eta txorizoa extremadurar erara egiten ere arituko dira. Festa osatzeko, La Bellota elkarteko bazkideek osatutako Sones de Extremadura taldearen emanaldia izango da.
La Bellotako kideak duela 18 urte hasi ziren txerri hilketaren ondorengo festa egiten. Hasieran, txerria hil ere egiten zuten, eta San Inazio auzoan duten egoitzan zatitu eta prestatzen zuten. Orain, txerria hilda erosten dute aurtengoak 120 bat kilo izango ditu eta gainerako lanak lehen bezala egiten dituzte. Egun hauetan, ogi-mamia papurtzen eta txorizoak eta odolkiak egiteko kipula eta baratzuriak txikitzen aritu dira.