Goierriko hiru talde ariko dira taldekako bola finalean
Gizonezkoetan Legazpiko Danantzako eta emakumezkoetan Zeraingo Liztormendi eta Gabiriako Osinalde sailkatu dira Gipuzkoako finalera. Bihar goizean da bolatea, Olaberrian
Gizonezkoetan 15 taldetatik eta emakumezkoen bostetatik launa onenak Olaberrian ariko dira bihar, Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketaren finalean. Bi jardunaldiren ondoren, hiru talde goierritarrek lortu dute txapelaren azken lehiaraino iristea: gizonetan Danantzakok (Legazpi), eta emakumeetan Osinalde (Gabiria) eta Liztormendi (Zerain).
Finalean, lehenbizi gizonezkoen lau taldeek botako dute, eta bi geratuko dira. Ondoren, emakumeen lau taldeek, berdin. Azkenik, bina taldeen arteko buruz burukoak izango dira. Seina bolarik osatzen dute talde bakoitza.
Goierriko bolariak
Bihar, emakumeen Beharzana (Villabona), Zelaiondo (Zarautz) eta bailarako bi taldeak ariko dira. Zeraingo taldean Mariajesus eta Mariflor Mendizabal, Jone Biain, Kontxi Gabiria, Belen Abendibar eta Garbiñe Alustiza dira bolariak. Gabirian, Pake Galdos, Saioa Etxezarreta, Ixiar eta Gema Izuzkiza, Maria Alkorta eta Nahiara Peñagarikano.
Gizonetan, Danantzako, Ategorrieta, Zelaiondo eta Santakruz (Urnieta) dira. Jose Luis Agirre, Juan Pedro Agirre, Mikel Azarola, German Gereñu, Juan Mari Iñurritegi eta Jon Orikain dira bolari legazpiarrak.