Irizarrek lehen autobus autonomoa aurkeztu du Malagan
Irizar Taldeak garatu eta %100 elektrikoa den ieBus modeloa laster hasiko da martxan Andaluziako hirian, proba pilotu moduan.
Proiektu izatetik errealitate izatera bidean doa Irizar Taldearen ieBus modelo %100 elektrikoa. Andaluziako (Espainia) Malaga hirian egingo dute aurreneko probaldia, datozen hilabeteetan, eta bertan aurkeztu dute lehen autobus autonomoa. “Mugikortasunean aitzindari” izango den proiektua da taldearen esanetan. Zero isurpeneko autobusa da, gidatzeko modu duala, eskuzko modua eta pilotu automatikoa ditu, 12 metroko luzeera eta 60 bidaiarirentzako gaitasuna.
Hector Olabegogeaskoetxea Irizar e-mobility-ren zuzendari nagusiak, autobusa “proba pilotua hasteko prest” dagoela azaldu du, “bide publiko batean eta funtzionatzeko baldintza errealetan”. Espainia mailan horrelako autobus batekin egiten den lehen probaldia dela azpimarratu du, eta proba horiek emandako datu eta esperientziek “Irizar Taldearen etorkizunerako erronka handi honetan aurrera egiten” lagunduko dutela uste du.
Malaga Europa mailan autobus autonomoa duen lehendabiziko hiria izango da. Portutik hiriaren erdigunerainoko ibilbidea egingo du, eta lehen fasean behintzat, Malagara iristen diren itsas-bidaiariak garraiatuko ditu. Teknologia berriena erabili dute autobus hori egiteko, eta “doitasun handiko posizionamendu eta gidaritza sistema bat” erabiliko du, kontrol-zentro batera konektatuta egongo dena.
Lehen autobus autonomo hau, Automost proiektuaren emaitza da. Ibilgailuen automatizazioa ahalbidetuko duten teknologiak garatzeko helburuarekin sortu zen egitasmo hori, Espainiako Ekonomia Ministerioak finantzatuta. Bertan, Irizar Taldearekin batera, beste 11 bazkide daude; horien artean daude Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Insia, CEIT-Ik4k edota Vigoko Unibertsitatea, besteak beste.