Kabia haurren jolastoki berria ireki dute Idiazabalen
Interesdunek udaletxean egin beharko dute izen ematea sartu ahal izateko. Lau txoko ditu 0-6 urte bitarteko umeentzako den jolaslekuak. Udaletxe zaharrean dago
Neguan nabariagoa da toki goxo baten beharra haurrekin egon ahal izateko. Idiazabalgo Udalak, guraso talde batekin elkarlanean, txoko bat ireki du ume txikiak dituzten familiek erabil dezaten: «Kabia izena jarri diogu goxotasun hori bilatze aldera», azaldu du Eunate Eliok, ekimena martxan jarri duen gurasoetako batek. Herenegun egin zuten lekuaren aurkezpena.
Udaletxe zaharreko eraikineko lehenengo pisua egokitu dute, eta lau txoko jarri dituzte umeek jolas daitezen. Ekintza eta jolas desberdinak egiteko aukera izango dute Kabian. Batetik, joku sinbolikoen txokoa izango dute; bestetik, eraikuntzak egiteko esparrua; hirugarrena txikien gunea izango da; eta azkenik, liburu eta mahai jolasekin aritzeko eremua.
Guraso talde batek duela bi urte inguru martxan jarritako proiektua da Kabia. Eliok azaldu du urteak daramatzatela horrelako lekuren bat prestatzeko asmoz: «Bere momentuan aurreko udal taldea zegoen eta haiekin adostu genuen udaletxe zaharra izango zela Kabia jartzeko tokia». Hauteskundeak izan ziren ondoren, eta udal taldea aldatu zenean gogoz heldu zioten ekimenari: «Lokalean obra txiki bat egin genuen, lurra aldatu eta margotu egin genuen».
Jostailuak berritzea eta zer nolako guneak nahi zituzten pentsatzea izan zen hurrengo urratsa. «Egurrezko jostailuak jarri ditugu, genero bereizketarik egiten ez dutenak saiatu gara aukeratzen». Halere, azaldu dute denetik dagoela, eta betiko jostailu zaharrak ere badaudela. Goierrin badira horrelako txokoak dituzten beste herri batzuk ere: «Zaldibian, Itsasondon eta Seguran, adibidez, badaude», azaldu du Eliok. Udaletxe zaharra ostiraletan erabili izan da orain arte umeekin ekintzak egiteko: «Orain aste osoko erabilera emango diogu».
Interesdunek udaletxean eman beharko dute izena, eta bertan Kabira sartzeko txartela emango zaie. Hezitzailerik ez da egongo: «Gurasook kudeatzeko eremua izango da», adierazi du.
Ipuinen jostuna
Asteazkenean, inaugurazioa zela eta, ipuin kontalari bat aritu zen haurrekin giroa alaitzen. Ameli ipun kontalariak Basoko sekretuak izeneko lana aurkeztu zuen. 30 haur inguruk gozatu zuten ipuin kontalariarekin. Urtaroz urtaro basoan agertzen diren sekretuak deskubritu zituzten ipuinaren bitartez.