Lesbosko errefuxiatuen aldeko bi ekitaldi izango dira Ordizian
Hilaren 27an erakusketa irekiko dute eta otsailaren 7an bertso afaria egingo dute Tximista sagardotegian, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin.
Elkartasuna ardatz duten bi hitzordu antolatu dituzte datorren asterako, Ordizian. Batetik, Duintasuna elika ezazu argazki erakusketa irekiko dute astelehenean. Bestetik, elkartasun bertso afaria egingo dute ostiralean. Emaneurrek eta Zaporeak erakundeak antolatutako ekintzak dira biak.
Astelehenean irekiko dute Lesbosko (Grezia) egoera islatzen duen argazki erakusketa. Aitor Urdangarin ordiziarra, udan izan zen Lesboseko errefuxiatuei laguntzen, Zaporeak erakundearekin. «Egoera oso larria» dela esan du. Lehen kooperazio lana zen ordiziarrarentzat eta «esperientzia oso aberasgarria» izan dela nabarmendu du. Ordiziara bueltan, Emaneurreko kidei proposatu zien Zaporeak elkartearen aldeko ekintzak antolatzea eta prest agertu ziren. Hori horrela, astelehenean, hilak 27, arratsaldean irekiko dute erakusketa.
Gainera Zaporeak elkartearen sortzaileetako batzuk ekitaldian izango dira, egiten duten lanaren nondik norakoak argitzeko.
Bertso saioa
Bestalde, otsailaren 7an egingo dute elkartasun bertso saioa eta Ordiziako Tximista sagardotegian izango da, 20:30ean elkartuta. Iker Zubeldia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus izango dira bertsotan. Txartelak agortzear daude. Amonane, Sugaar eta Gudin tabernetan eros daitezke, 32 euroan. Zaporeak euskal erakundea Lesbosen egiten ari den lana diruz laguntzeko antolatu dute.
Finantzaketa kolektiboa
Zaporeak erakundeak, crowdfunding kanpaina abiarazi du, Lesbosen otorduen banaketa egin ahal izateko furgoneta behar dutelako. 40.000 euro biltzea da helburua eta martxoa arte dute epea.