Patxi Urrestarazu: XXI. mendeko Iparragirre
Patxi Urrestarazu urretxuarrak bizitza osoa darama musika munduan: herriko bandan eta dantzaldietako taldeetan jo zuen, besteak beste, eta 1985etik Goiargi abesbatzako kidea da.
Urretxuarrak Joxe Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzen ari dira aurten. Iparragirrek seme-alaba asko izan zituen, baina ez dira horiek bere oinordeko bakarrak. Bere oinordekoen artean daude Urretxuko musikari guztiak ere. Izan ere, Urretxu oso herri musikazalea da, hein handi batean Iparragirreren eraginez. Bere ondorengo ezagunenetako bat Patxi Urrestarazu da. Urrestarazu non, musika han.
Urrestarazu Etxarri-Aranatzekoa (Nafarroa) da. Gurasoak musika zaleak ziren eta beraien eraginez zaletu zen: «Jaio baino lehenagotik musikaria naizela esan ohi dut. Aitak musika eskolak ematen zituen eta amari pianoa jotzen irakatsi zion. Hala ezagutu zuten elkar. Niri ere aitak irakatsi zidan».
Urrestarazuren aita 1946an etorri zen Urretxura, herriko banda zuzentzera. Hurrengo urtean bere familia ekarri zuen. Patxik bi urte zituen. «Garai hartan musika banda zibilen zuzendarien erakundea zegoen. Urretxun zuzendaria behar zuten eta aitak etortzea erabaki zuen. Lehenago, Nafarroako Cortes herriko banda zuzendu zuen». Bandako zuzendariak diru asko irabazten ez zuenez, Madaya enpresan ere lan egin zuen eta musika eskolak ematen zituen.
Organoa jotzen zuen, Etxarri-Aranatzeko banda sortu zuen eta konposatzailea ere bazen. Besteak beste, Urretxuko martxa konposatu zuen.
Bere semeak, erreportaje honetako protagonistak, 15 urte besterik ez zituen bandan jotzen hasi zenean. Oraindik bere aita zen zuzendaria. «Aitarekin pianoa jotzen ikasi nuen, baina bandan denetik jo nuen: flauta, danborra… Azkenean saxofoia jo nuen».
«Jaio baino lehenagotik musikaria naizela esan ohi dut»
«Jaiki eta egiten dudan lehen gauza irratia piztea da»
Banda desegin zenean, Ordiziako errondailan gitarra jo zuen. Lau urte eman zituen bertan. Soldadutzan, berriz, euskaldunez osatutako abesbatza batean abestu zuen. Soldadutzatik bueltan Ritmo y melodia berbena taldean jo zuen. «Hasieran baxua jotzen nuen, baina teklatua jotzen zuenak taldea utzi zuen eta teklatua jotzeko eskatu zidaten. Zazpi urte inguru eman nituen talde horretan».
Taldea desegin zenean, bateria-jotzaileak eta Urrestarazuk Josu eta Jokin bikotearekin jo zuten. Ondoren, Askotan berbena taldean jo zuen. 18 bat urte eman zituen talde horretan. «Ezkontza eta dantzaldietako musikaria nintzela esaten dut».
Egun, Urretxuko jaietako txistulari kontzertuan jotzen du. «Kontzertua Jose Mari Lasak zuzentzen zuenean, gitarra jotzen nuen. Egun, Ibon Garmendiarekin, baxua jotzen dut. Nahiago dut. Izan ere, adinean aurrera noa eta baxua jotzea errazagoa suertatzen zait». Bestalde, 1985etik Goiargi abesbatzako kidea da.
Iparragirrek Gernikako Arbola konposatu zuen eta asko bidaiatu zuen, baina ez zituen hainbeste instrumentu jo eta ez zuen hainbeste taldetan jo. Urrestarazu eta musika, bat dira. «Jaiki eta egiten dudan lehen gauza irratia piztea da. Musika klasikoa entzuten dut gehienbat. Zenbat eta orkestra handiagoa, hobe. Dena den, beste musika mota batzuk ere gustatzen zaizkit: trikitixa, txistua… Festetan, txistua entzuten ez badugu, ez dira festak!».
Euskal musikari asko gustatzen zaizkio: Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Estitxu… Batez ere, azken hau. «Bere ahots fina asko gustatzen zitzaidan».
Abestiei dagokionez, Txoria txori gustatzen zaio gehien. «Txoria txori kantak toki guztietan arrakasta du. Behin, Goiargikook Burgoseko taberna batean abestu genuen. Bertakoei asko gustatu zitzaien eta letra gaztelerara itzuli genienean, are gehiago. Aho zabalik gelditu ziren».
Baina, aipatu bezala, musika klasikoa gustatzen zaio gehien. Bere konpositore kuttuna Beethoven da. Aurten bere jaiotzaren 250. urteurrena ospatuko da. «Aitak Beethovenen partiturak zituen eta bere obrak jotzen zituen: Claro de luna, Para Elisa… Tchaikovsky, Mozart, Handel… ere gustatzen zaizkit, noski. Handienak dira. XX. mendeko konpositore batzuk ere gustuko ditut (Rodrigo, Ravel…), baina XXI. mendekoak…». Bere seme-alabek ere musika ikasi zuten eta bilobetako bat, Axen, oso zalea da. XXI. mendeko Iparragirrek ere badu oinordekoa, beraz.