Aitor Aldasoro: «Jomugan enpresa txikiak berrikuntzara ahalduntzea daukagu»

Lehenengo aldiz izendatu zaituzte Goiekiren presidente.
Bai, martxan dagoen tren bat hartzea tokatzen da. Orain arte ikusi dudanagatik, martxa onean doan trena, hainbat tokitan eredugarri dena. Gure ehungintza industriala ere halakoa da: 250 enpresa inguru ditugu bailaran. Horiek goxatzen eta beraien arteko koordinazioa eramaten, martxa polita du Goiekik.
25 urte baditu. Jarraipena, berritasuna… zer duzu buruan?
Ardatzak betikoak dira, baina industrian badakigu atzokoa gaur zahar dela. Egokitzapen horretara lagundu behar dira enpresak, batez ere txikiak. Goierri Valley gisako produktuak oso interesgarriak dira. Baina jomugan enpresa txikiak ditugu, horiek berrikuntzara nola ahaldundu, handiek irents ez ditzaten.
Proiektu jakinen bat baduzue?
Proiektuak etengabekoak dira. Ingurumenean, plaka fotovoltaikoekin zer egin dezakegun, edo enpresa txikiek antzeko produktuak batera erosteko bideak irekitzea, lehiakortasuna gehitzen dielako. Enpresa berrien inkubategia ere oso osasuntsu eta beteta dago, bai Ordiziakoa, bai Beasaingoa. Albiste onak dira. Goierri eredugarria da enpresen jarraipenean, harremanetan eta beraien arteko feedback-ean. Horrekin segi behar da.
Lur ongarritua du Goierrik?
Kanpora begiratuta, burbuila batean bizi gara. Baina ezin gara lokartu: berrikuntzan ez bada asmatzen, gainbehera etor daiteke. Ezin da burua jaitsi, ezin da lokartu. Puntan egon behar da, erronkak hilabetero daude eta.