Errotuladoreek argia dute barruan
Beasaingo Fotoetxe argazki dendak antolatutako Argigraphia ekimenean argazkiak nola egiten diren azaltzen diete haurrei. Hauek, idatziz edo margotuz, moldatu egiten dute gehien gustatu zaien irudia.
Argazkigintza demokratizatu egin da teknologiari esker. Gaur argazki gehiago aterako dira 1920. urte osoan baino. Argazki gehiagok ez dute esan nahi jakinduria handiagoa, askok eta askok ez baitakite argazki kamera baten funtzionamendua, oinarrizko aspektu teknikoak edo nolakoa den estudio bat. Beasaingo Fotoetxe argazki dendak Argigraphia izeneko egitasmoa martxan jarri du gaztetxoen artean argazkigintzari buruzko ezagutzak zabaltzeko.
Jose Maria Telleria dendako arduradunak argazkigintzaren sekretuak erakusten dizkie 9 eta 13 urte bitarteko gaztetxoei. «Estudioa erakusten diegu eta zein materialekin egiten dugun lan. Argazki kamera analogiko batekin probak ere egiten dituzte», azaldu du Telleriak.
«Kamera analogikoek karretea behar dute, gazteek ezagutu ere egiten ez duten teknologia bat», gaineratu du Telleriak. Gazteek argazkiak mugikorrarekin ateratzen dituzte normalean eta zuzenean sare sozialetara igotzen dituzte era fisiko batean jaso gabe. «Dendan zintzilik ditugun hogei argazki baino gehiago gertutik ikusteko eta ukitzeko aukera dute. Gehien gustatzen zaiena aukeratu eta iradokitzen diena paperera eramaten», aipatu du.
Moldaketak marrazkien edo testuen bidez egiten dituzte ikasleek. Erreprodukzio batzuk fidelagoak dira, badago koloreak eta formak aldatzen ausartu denik eta, baita ere, argazkiak inspiratu eta obra erabat berria sortu duenik. «Jokin Telleria margolariak, Ekaitz Goikoetxea bertsolariak eta Irati Goikoetxea idazleak lanik gustukoenak aukeratzen dituzte, eta horiekin erakusketa bat antolatu dugu. Parez pare daude argazki originala eta haurrek egindako moldaketa», osatu du.
Telleriak argi utzi nahi du ez dela lehiaketa bat. «Ikasle guztiei ematen diegu oroigarri bat, baina toki faltagatik soilik hautatutako batzuk jar daitezke ikusgai», zehaztu du. Denera, 250 ikasle ingururen obrak jaso dituztela dio Fotoetxeko arduradunak. «Erakusketa tarteka aldatu egiten dugu ikasle gehiagoren lanak egon daitezen». Gurasoek euren seme-alaben lanak ikusi nahi dituzte eta arrakastatsua izaten ari da Argigra-phia egitasmoaren harira egindako erakusketa.
Argiarekin idatzi daiteke
Fotok greziar zaharrean argia esan nahi du. Haatik, fotografia argiaren hitza izango litzateke, argia idaztea. «Ume batekin lanean ari nintzela, fotometroa erabiltzean argimetroa deitu zion. Grazia egin zidan, baina zer pentsatua ere eman zidan», esan du Telleriak. «Argiarekin idatzi daitekeela eta, ikasleak argazkiez idazten edo margotzen jarri ditut. Bisita gidatua gehitu diot Argigraphiari argazkigintzaren oinarriak ez galtzeko».