Greba Orokorrarekin bat egiteko «hamaika arrazoi» eman dituzte
Goierri goiko eta beheko greba batzordeek ostegunerako deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete. Bi manifestazio egingo dira Goierrin egun horretan
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta sinatu zuten erakunde sozialek eta sindikalek, «bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen gizarte eredua defendatzen» dute. Horregatik, urtarrilaren 30erako, osteguna, Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrarekin bat egingo dute. Goierri goian eta Goierri behean, egun horretarako aldarriak zeintzuk diren eta antolatu dituzten ekintzak aurkeztu dituzte, eta herritarrei grebarekin bat egiteko «hamaika arrazoi» daudela gogoraraziz, parte hartzeko deia egin diete.
Lan, bizi eta pentsio duinak lemapean, «gazte, pentsiodun, langile, langabe, emakume, eta herritar orori ekintzetan parte hartzeko deia» egin diete, Goierri goiko eta beheko greba batzordeek. Urretxun eta Zumarragan, Gernika Arbola plazan, eta Ordizian, Plaza Nagusian egin zituzten agerraldiak iragan astean, greba deialdiarekin bat egin duten kolektiboek eta hainbat herritarrek.
Greba orokorra, «pentsiodunen mungimenduaren deiari erantzunez antolatu» dutela, nabarmendu zuten Ordiziako agerraldian. Azken bi urteetan «etengabe mobilizazio indartsuak egin dituzte kalean eta jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka justu horren alde beste kolektibo batzuk gehituz».
Urteotako borrokaren berri eman zuten pentsiodunek, Gernikako Arbola plazan: «Sindikatuekin elkartu gara eta gure aldarrikapenak kalera atera ditugu. Ministroak %25eko igoerarekin gustura egon beharko ginatekeela esan zuen eta ordutik astelehenero kalera atera gara. Dagoeneko bi urte daramatzagu astelehenero kalera irteten. KPIaren araberako igoera, urte gehiago bizitzeagatik ez zigortzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen ditugu». Beste aldarrikapen bat, «gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea» da. «Hortik behera, langileok ezin dugu behar bezainbeste kotizatu eta ezin ditugu pentsio duinak izan».
Ordizian ere, pentsio duinen aldarriaz harago, argitu zuten «landutako lan dinamikarekin, prekarietatearekin amaitu eta lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharra mahai gainean jarri» nahi duela greba orokorrak. Era berean, «egun ukatuak diren eskubide sozialak aitortzea eskatzen» dute.
Mobilizazioak
Urtarrilaren 30ean kaleak hartzeko arrazoiak esanda, antolatu dituzten mobilizazioen berri eman zuten. Herriz herri piketeak lantegi inguruetan, eta kale birak egingo dituzte goizean zehar. Donostian manifestazioa egingo dute 12:00etan eta Goierriko herrietatik abiatuta, kotxe karabana egingo dute.
Goierrin egingo diren mobilizazioekin jarraituz, bi manifestazio egingo dira. Bata, Goierri behean, hiru bloketan banatuko dena eta amaiera Ordiziako Plaza Nagusian izango duena. Bestea, Urretxun eta Zumarragan egingo dute.
HITZORDU NAGUSIAK
05:30. Piketeak lantegietan.
09:00. Kale-birak herrietan.
10:45-11:00 bitartean. Kotxe karabanen abiera Goierriko herrietatik Donostiako manifestaziora joateko. Goierriko zutabea Anoetatik abiatuko da.
12:00. Manifestazioa Donostian.
18:00. Hiru zutabeko manifestazioa Goierri behean, Lazkaoko plazatik, Ordiziako plazatik eta Beasaingo geltokitik abiatuta. Lazkaibarko zubian elkartu eta Ordiziako plazan bukaera.
19:00. Urretxu-Zumarragako manifestazioa Areizaba-Kalebarren plazatik abiatuta.
BESTELAKO EKINTZAK
Herrietan. Tokian tokiko herri batzordeek herri bazkariak, zaintza guneak, tertuliak, mural margoketak… antolatu dituzte.