Errefuxiatuen duintasuna elikatzen duen auzolana
Aitor Urdangarin ordiziarra Lesbosen (Grezia) izan da errefuxiatu esparruetan lanean, Zaporeak erakundearekin. Orain, egoera nolakoa den ezagutzera emateko erakusketa antolatu dute Barrena jauregian.
Greziara iristen diren errefuxiatuei buruz gauza asko irakurri eta entzun ahal izan da, baina une honetan, komunikabide jeneralistetan horren inguruan ez da gehiegi ikusten. Ez ikusteak edo informaziorik ez emateak, ez du esan nahi, ez dela gertatzen ari. Erakunde desberdinek diote, egoera okerrera doala.
Gai horrekin sentsibilizatuta, Lesbosen (Grezia) kooperante egon da Aitor Urdangarin ordiziarra eta errealitatea nolakoa den, bertatik bertara ezagutu du. Zaporeak erakundearekin joan da. Gastronomia eta elkartasuna uztartzen dituen elkarte baten ekimena da Zaporeak. Donostiako Intxaurrondo auzoan sortu zuten, baina gaur egun Euskal Herri osora zabaltzen ari da. Boluntarioz osatutako talde bat da, eta elikatzeko beharra edo bestelako premiak dituzten herrialdeetako pertsonei laguntzen die. Lesbosen, egunero 2.000 otordu ematera iritsi dira. Orain, 1.600 otorduren bueltan daude.
Lesbostik bueltan, Zaporeakek egiten duen lana Goierrin ezagutzera emateko, erakusketa antolatu dute, eta horretarako, Emaneurre taldeari laguntza eskatu zion Urdangarinek. Haiek, prest agertu ziren eta guztien elkarlanetik, Duintasuna elika ezazu erakusketa ekarri dute Ordiziako Barrena Kultur Etxera. «Lesbosen dauden errefuxiatuen eta Zaporeakeko boluntarioen egunerokoa ezagutzera eman nahi dugu erakusketaren bidez», esan du Irati Azkue, Zaporeakeko kideak. Datorren otsailaren 7ra arte egongo da erakusketa bisitatzeko aukera.
Egungo egoera
Kooperante lanak egiten zituen lehen aldia zen Urdangarinentzat. Lesbosen bizitakoa nolakoa izan den galderaren aurrean, «ez dakit nola esan, gogorra da baina oso aberasgarria», erantzun du. Europan gertatzen ari den «arazo hau zein larria den ezagutzeko balio izan dit, merezi du laguntzera joatea».
Une honetan, «egoera oso larria eta krudela» dela nabarmendu du Azkuek: «2014tik masiboki ari dira errefuxiatuak Europara iristen». 2014tik 2016ra greziar gobernuak hartutako erabaki batek, «pertsona horiek ezkutuan eta giltzapetuta izan ditu». 2016an «horren handia zen iheslarien konzentrazioa, gatazka handi bat sortu zela eta ateak ireki behar izan zizkietela». Gaur egun, errefuxiatuen esparruak «irekiak» dira. Norbaitek pentsa lezake, esparru irekiak badira zergatik gelditzen diren bertan. Azkuek dio, «Grezia uharte bat denez, handik ihes egiteko modua zaila da, itsasotik eta hegazkinez egin beharko lukete».
2018tik 2019ra bitarte greziar irletan pilatuta dauden pertsonak «hirukoiztu egin dira, gaur-gaurkoz 40.000 pertsona inguru daude, baina gainera, hau amaigabea da, egunero-egunero gehiago iristen ari direlako».
Urdangarin, iazko abuztuan egon zen Lesbosen. «Moria errefuxiatu esparrua 3.000 pertsona hartzeko prestatuta dago». Baina egoera nolakoa den irudikatzeko datu bat: Urdangarin han izan zenean «11.000 errefuxiatu zeuden». Baina orain, «are okerragoa» da egoera, «22.000 baitaude». Kopurua ez da arazo bakarra, pertsona horien bizi baldintzak ere hala moduzkoak dira: «Pilatuta bizi dira, higiene baldintza oso txarretan eta jatekoa ere ez dute bermatuta».
Egoera horren aurrean, Zaporeakek «lanean jarraituko» du, bai errefuxiatuak dauden esparruetan baita Euskal Herrian ekimen desberdinak antolatuta. Proiektua diruz laguntzeko aukera ere badago. Interesa duenak Kutxabank-en eta Laboral Kutxan galde dezake.