Zaldibiak aurten udaletxea, ur sarea eta hilerri aldea ditu lan handienak
2020rako ia bi milioi euroko aurrekontua izango du udalak. Udaletxe berriaren eraikina urrirako bukatzea espero dute. Adinekoen arreta zerbitzu bat aztertzen hasiko dira
Zaldibiako Udalak badu 2020. urterako aurrekontua. Urtarrilaren 22ko udalbatzarrean onartu zuen udalbatzak, gobernuko EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk aurka bozkatu zuen. Denera, 1.942.438,04 euroko hornidura dauka udalak, iaz baino 45.149 euro gehiago, foru funtsaren hazkuntzak sarrera igo duelako.
Aurrekontuaren hamarretik bat bideratu dute inbertsio errealetara: 193.095,48 euro denera. Gastu handiena, sail horretan, udaletxe berria hornitzeko izango da, 100.000 euro jarri baitituzte altzariak eta ekipazioa erosteko. Udaletxe berriaren egitura altxatuta dago, solairu guztiak eginda, eta lehengo ostegunean hasi ziren hormak adreiluz ixten. Urrirako bukatzea espero dute. «Epeen barruan doa obra», dio Eztitxu Mujika alkateak.
Bestetik, hilerri ingurua egokitzeko beste fase bat garatuko da aurten, 52.000 eurorekin. Argiteria berritu, landaredia aldatu eta hilerri barreneko ezkerreko aldean 25 autorentzat aparkalekua eraikiko dute. «Hilerrirako erabilera izateaz gain, beheko auzunerako ere pentsatuta dago aparkalekua. Baita etorkizunean Ibarrazpiko lau etxeak egiten direnerako ere», esan du Mujikak.
Baserri bideen konponketarako 24.343,96 euro bereizi dituzte. Deposituko bidean jada egindako lanak eta Ernaitzakoan luizia kentzea dira lehentasunak.
Ura iragazteko sistema
Inbertsioen arloan, ur sareko ekintzek eramango dute 45.000 euroko beste sail bat. Artxabalgo ur biltegi nagusian ur arrea sarera sar ez dadin, iragazki sistema bat jarriko dute. «Gainontzean, ur sareari buruz egin den auditoriak aldeko txostena eman du. Iaz ia matxurarik ez zen suertatu. Baina badaude egin beharreko lanak».
Edateko uraren sarean aurreikusi diren lanak fibrozementuzko hodien bi zati aldatzea, Goroskindegiko depositua barrutik garbitzea eta ur kontagailu elektronikoak aldatzen segitzea dira.
«Ur sare propioa duen herri bakarrenetakoa izango da Zaldibia. 2016tik, ur zikinak Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kudeatzen ditu, baina edangarri guztia udalaren esku dago. Altxorra dugu hor, eta herritarrekin balioa eman nahi diogu», dio alkateak.
Bestetik, neurri txikiagoko beste lan batzuk ere zerrendatuta ditu udalak: plazako frontoia margotu, udaletxean informatika-zerbitzari berria jarri (6.500), udal eraikinetan sarraila elektronikoak kokatu (5.500), eta plazako udal biltegian ate-leihoak berritu, esate baterako.
Maileguaren amortizazioa
Finantzarioki, Zaldibiako Udala aurten hasiko udal eraikin berria eraikitzeko hartu zuen milioi bat euroko mailegua kitatzen. 15 urteko epea du. 2020an, 71.000 euro bideratuko ditu horretara: 66.000 amortizazioa eta beste 5.000 interesarenak.
Udalak hasita daukana, plazaren diseinua zehazteko prozesua da. Bigarren eta hirugarren faseak otsailean eta martxoan garatuko dira. «Eremu bakoitzean zer elementu eta nolakoa jarriko den zehaztuko da».
Bestetik, Beti-Gazte jubilatu elkartearen egoitza udaletxe berriaren behealdean kokatuko da. Horrekin batera, eta barrutik lotuta, adinekoentzat arreta zerbitzua antolatu nahi dute beste lokal batean. «Prebentzio gisa, eta menpekotasun gradu baxukoei begirakoa izango da, bakardadea ekiditeko eta ariketak edo jarduerak egin ditzaten lortzeko». Lanketa hasiko dute. Oin Herriren herri hezitzaile proiektua garatzea ere ongi ikusi zenez lehengo asteko bileran, urratsak egiten jarraituko dute.
Lehengo asteko batzarrean, Unai Beloki zinegotziaren kargu uztearen berri eman zen, arrazoi pertsonalak argudiatuta. EH Bilduren zerrendako hurrenak, Xabier Irastortzak, hartuko du. Batzorde Informatzaile Iraunkorra sortzea ere onartu zen, batzarren aurretik taldeen artean gaiak jorratzeko. Mugi garraio txartelaren tramitazioa errazteko hitzarmena sinatzea ere onetsi da.













