Gazteen egoera eta etorkizuna, kezka iturri
Atzoko greba egunean ausaz aukeratutako bost goierritarrek, grebarekin bat egiteko arrazoien berri eman diote Goierriko Hitzari. Hauek izan dira emandako erantzunak.
Greba eguna hasten ari zela, atzo, kalera atera eta bost goierritar ausaz aukeratuta egindako galdera parearen erantzunak dira jarraikoak.
1 // Bat egin al duzu greba deialdiarekin? Zer arrazoi nabarmenduko zenituzke?
2 // Zer moduzkoa iruditu zaizu gizarteak eman duen erantzuna eta grebaren jarraipena?
«Gure eta gure seme-alaben etorkizuna, duina izatea nahi dut»
Aloña Etxezabal (Langilea)
1 // Grebaren arrazoi askoren alde nagoelako bat egin dut. Batetik, gure gurasoek eta aitona-amonek urte askotako borrokaren bidez irabazitako langileen eskubideak mantentzeko. Egiten ari diren erreforma guztiak langileen aurkakoak dira. Bestetik, gure eta gure seme-alaben etorkizuna duina izatea nahi dudalako.
2 // Goierrin erantzuna ona izan da. Hala ere, gazte gutxi dabil mugimenduan publikoki, eta bultzatuko nituzke gazteak aurpegia ematera, norberak sinesten duenarengatik borroka egiteko. Pentsiodunek eman dute etsenplurik onena; astelehenero biltzen dira, euren gaurkotasunagatik eta gure etorkizunagatik.
«Pozgarria da greba orokorrak Ordizian izan duen erantzuna ikustea»
Eba Arrieta (Langilea)
1 // Bizitza erdigunean jarri nahi dugulako, pentsio duinen alde, lan baldintza onen alde eta babes soziala lortu nahi ditugulako atera naiz kalera. 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa exijitzera, pentsio sistema propioagatik, pentsioetan dagoen arrakalak desagertu behar duela eskatzeko. Lan arloan, 35 orduko lanaldia exijitzeko, 1.200 euroko soldata eta gure lan baldintzak Euskal Herrian erabatzeko eskubidea kaleratzeko, besteak beste.
2 // Ordiziako kaleetan nabarmena da herritarrek bat egin dutela greba orokorrarekin: Dendak, tabernak, lantegiak… Pozgarria da halako erantzuna ikustea.
«Horrela segituta, ondorengoen etorkizuna oraindik okerragoa dator»
Juan Iruin (Jubilatua)
1 // Grebarekin bat egiten dut, noski. Arazo asko ikusten ditut, neuretik hasita: jubilaziora mila eurorekin iritsi nintzen, hainbeste urte lan egin eta gero. Gauza asko daude. Egoera zaila dago, eta etorkizuna zailago ikusten dut; gurea baino okerrago oraindik, ondorengoen etorkizuna ikusten dut, horrela segituz gero. Gauza ez doa oso ondo.
2 // Ikusita zer giro dagoen, jende asko batu da protestara. Egin diren deialdiekin, jende asko dago grebarako prest. Ez dakit ezer lortuko den, baina zerbait eginda esperantza behintzat badago. Ezer egin ezean, segurua da zer datorren: ezer ez.
«Greba egiteak merezi duela uste dut, gure eskubideak aldarrikatzeko da»
Nuria Miranda Herreros (Langilea)
1 // Beasaingo Irain Indis enpresan egiten dut lan; langile gutxi gara, baina denok greba egitea erabaki genuen. Nik bat egiten dut erabat grebarekin, soldata duinak, pentsioak… denok ukitzen gaituzten gaiak eta aldarrikapenak direlako. Grebak eraginkorrak direla iruditzen zait , soldatatik zati bat kenduko digute, baina gure eskubideak aldarrikatzeko da, eta merezi du.
2 // Legazpiko kaleak hutsik ikusi ditugu goizean, badirudi erantzun handia izan duela deialdiak, eta pozten naiz. Arratsalderako deitu duten kontzentraziora joatekoa naiz, ea hor ere jendeak erantzuten duen.
«Gazteon egoera bereziki larria da: dagoena hartu edo batere ez»
Beñat Torres (Irakaslea)
1 // Duela gutxi hasi naiz lanean. Langileek pairatzen duten egoera ezagutzen ari naiz. Gazteona bereziki larria da: dagoena hartu edo batere ez. Horrekin jokatzen dute. Hori dela eta, gure eskubideak aldarrikatu behar ditugu. Guk ere badugu zer esan. Pentsiodunek gazteoi beraiekin batera borrokatzeko eskatu digute eta arrazoia dute. Gu ere pentsiodunak izango gara egunen batean.
2 // Erantzuna ona izan dela entzun dut. Denda handi batzuk zabalik daude eta horrek pena ematen dit. Errespetagarria da, baina merkatari txikiek greba egin dute.