Greba orokorrak eta erabatekoak Goierri «duintasunera» mugitu du
Eskualdeko ohiko jarduera geratu da. Industrian geldialdia ia erabatekoa izan da; zerbitzu publikoak eta merkataritza ere batu zaizkio. Erantzun positiboa eskatu diete gobernuei
Duintasunez egin dute goierritarrek Lan, bizitza eta pentsio duinak eskatzeko aldarrikapena. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorra orokortua, zabala eta jarraitua izan da Goierrin, eta ia erabat geratu du eguneroko jarduera arlo gehienetan. Lanuzteaz gain, protesta-egunaren mezuak goizean herrietan, eguerdian Donostian eta iluntzean bailarako herri hazienetan manifestazioan eman dituzte. Ideia, bakarra: duintasuna langileentzat lanean, bizitzan eta pentsioetan.
Azkeneko greba orokorretik zazpi urtera —2013ko maiatzaren 30ean eredu sozial eta ekonomiko propioa eskatzeko egin zen—, atzera erantzun masiboa izan du. Pentsiodunek hasitako borrokara batu da gizartea.
Goierrin arratsean hiru manifestazio izan ziren: Legazpin, Urretxu-Zumarragan eta Lazkao-Ordizia-Beasainen zutabe banatatik hasitakoa. Horietan, eta eguerdian Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan (145.000 manifestari, denera) pentsiodunak izan dira martxen buru. Mobilizazioa arrakastatzat jo dute; «gauzak ez badira epe laburrean aldatzen, saiatuko gara sindikatuekin eta beste sektore sozialekin beste ekimen batzuk garatzen», dio Jon Fano eledunak.
Bi hilabete gobernuei
Zehatzagoak izan dira sindikatuetako ordezkariak —ELA eta LAB ziren bat egin duten handienak—. Greba orokorrean zabaldu diren eskakizunei erantzuteko bi hilabeteko epea utzi die erakundeei eta enpresari elkarteei. Bestela, «udaberrian» protesta gehiago antolatzeko asmoa iragarri dute.
«Mobilizazio egun oso garrantzitsua izan da, langileon duintasuna eta batasuna erakusteko eguna. Bi hilabete emango dizkiegu patronalari eta instituzioei, eskakizunei erantzuteko. Baiezkoa erantzuten ez badute, presta daitezela, udaberrian berriro borroken loraldia egongo delako», dio LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk.
Herritar xeheen «arazoak» politikaren erabakiguneetara eramateko aldarria egin dute sindikatuek. «Gobernuek ezin dituzte jende arruntaren arazoak mahai politikotik kanpo mantendu», dio ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak. Pentsioak, soldata arrakala, prekarietatea eta etxebizitza aipatu ditu.
Ia dena geldirik, istilurik ez
Kalean ere antzeko mezua eman dute protestariek: bizi-baldintzak hobetzea, emakumeen eta adinekoen egoera makurra, bizitza erdigunean jarriko duten politikak, alargunen larria, ikasleen etorkizuneko aukerak… Horrekin guztiarekin batera, noski, jubilatuen zoria: «Pentsiodunen egoerak oso triste segitzen du».
Goierrin, ohiko jarduna guztiz geldituta mugiarazi dute aldarrikapena. Konbikziozko greba izan da, eta piketeen akziorik apenas behar izan da deialdiaren aldeko erantzunerako. 05:30ean hasi ziren piketeak.
Industrialdeetan, lantegi gehienak zabaldu ere ez zituzten egin. Enpresa handienetako langileek iragarria zuten aurrez grebara joko zutela. CAF, Irizar, Indar, Arcelor Olaberria, CIE Legazpi, GH eta STO, Jaso Idiazabal eta Itsasondo, Orkli, Bellota, UZ, Logos… itxita ziren. Ulmak lan egin zuen, Lazkaon.
Ikuskizun zegoena merkataritza eta denda txikien erantzuna zen, baina pertsianarik ez zuten altxatu ere egin atzo goizean. Dendari elkarteak grebarekin bat etorri dira, baina kexu ziren dendari txikien eta autonomoen aldarrikapenak «beste behin» ez direla kontuan hartu esanez. Saltoki handi gehienak ere itxita egon dira, Carrefour, Ordiziako Eroski eta Dia, adibidez. Urretxu-Zumarragan, ireki zituztenak eguerdirako itxi zituzten.
Zerbitzu publikoek ere blokean bat egin dute aldarrikapenekin. Udal gehienetako langileek lana utzi, eta zerbitzu minimoetan geratu dira udaletxeak. Zumarragako Udalak, hala ere, atzoko deitu zuen ohiko osoko bilkura, normalean astearteetan egiten den arren. Urretxukoak prentsaurreko bat eman zuen. Kiroldegiak, itxita. Sasietaren hondakin bilketa ere bai. Hezkuntzan, eskolak eman zituztenak gutxienak izan ziren. Legazpiko institutuan, adibidez, irakasleen %77k bozkatu zuen alde.
Osasungintzan, ohiko kontsultak bertan behera geratu ziren atzo, anbulatorio gehienetan. Zumarragako Ospitalean, kirofanoetan ez zen ebakuntza programaturik egin, larrialdietakoak bakarrik.
Garraio publikoak zerbitzu minimoetan funtzionatu du. Lurraldebusen lineako lau autobusetik bat ibili da. Renfek jaietan duen maiztasuna jarri du.
Istilurik ez da gertatu Goierrin. Ordizian, ertzain kotxe bati pintura bota zioten, goizean.