Ipurdi dantza erraldoia ohitura bihurtu dadin
Antton Irizarrek asmatutako eta Nazario Telleriak konposatutako ipurdi dantza erraldoia egingo dute bihar pregoiaren ostean. 40 urte beteko ditu dantzak.
Dantzak ere izango du bere tokia San Blas jaietan. Axari Dantza Taldeak ipurdi dantzaren 40. urteurrena ospatuko du, eta soka dantza dantzatuko dute berriro udal agintariek, eliza atarian. 50. hamarkadan galdu zen ohitura, eta 1997an berreskuratu zen. Ordutik, alkate berria aukeratzen denero errepikatzen da soka dantza. Iñaki Alberdi alkateak azaldu du «ahalik eta ondoen» egiten saiatuko direla: «Nahi baino entsegu gutxiago egin ditut nik eta urduri jartzen ere hasita nago», esan du.
40 urte dira lehen aldiz ipurdi dantza egitera atera zirela, baina beti egon izan dira dantza taldeak Idiazabalen: «Hiru mutil dantza talde zeuden 1980 baino lehen, baina 18-24 urte bitartekoak ziren, eta beste bi neska talde ere bazeuden», azaldu dute Maite Garmendia, Garazi Telleria eta Hodei Azurmendi Axariko kideek.
«Zegamako batek, Lazkaoko batek eta Idiazabalgo Antton Irizarrek pentsatu zuten umeentzako dantza errezik ez zegoela, eta ipurdi dantza asmatu zuten», azaldu du Garmendiak. Horrela, Nazario Telleriak konposatu zuen, eta bihar dantza erraldoia egingo dute herritarrek urtemuga ospatzeko: «Ohitura bihurtu nahi dugu, ipurdi dantza herritar guztiek ikasi dezaten nahi dugu». Igandean, berriz, urteroko emanaldia izango du Axari dantza taldeak: «Material desberdinak erabiliko ditugu», adierazi du Hodei Azurmendik. Garazi Telleriak gehitu du dantza tradizionalak izango direla, txistulariekin: «Ezpata dantza, makil dantza edo brokel dantza bezalakoak egingo ditugu».
Maiatzean, aldiz, beste ekitaldi bat izango dute: «Hura modernoagoa izango da, musikarekin», jakinarazi dute.
Herriak batuz
Axari dantza taldeak 125 ikasle ditu, eta bi irakasle. Beste herri batzuetako dantza taldeekin ere egiten dituzte ekimenak: «Iaz Lazkao, Ibarra eta Ordiziakoekin elkartu ginen, eta lau emanaldi izan genituen, bat herri bakoitzean». Ibarrako Allur taldearekin ere hitzarmen bat dutela jakinarazi dute, eta bertako bi irakasleren eskolak izaten dituztela. Jantziak ere uzten dizkiete sarri. Dantzak herrian duen harrerarekin pozik agertu diren arren, mutilen parte hartzea txikiagoa dela nabari dute: «Talde herrikoia izatea gustatuko litzaiguke, denen parte hartzearekin».