Ampo Ordiziak El Salvador handia hartuko du Altamira zelaian, igandean
Azkeneko asteburuetako atsedenaldiaren ondoren, ligaren azken txanpari ekiteko prest daude Ampo Ordiziako Ohorezko Mailako mutilak. Ez dute partida erraza izango, 15. jardunaldia izango dena. Lehen-lehen mailako arerioa izango dute ordiziarrek aurrez aurre. Valladolideko El Salvador, Altamiran izango da igandean. Partida, 12:00etan hasiko da.
Momentuz, Ampo Ordizia sailkapen taulan lehen postuetan dago. Errepasoa eginez, lehen postuan Quesos Entrepinares dago 54 punturekin, bigarren da El Salvador 53 punturekin, hirugarren Alcobendas 52 punturekin eta Ampo Ordizia laugarren da 49 punturekin. Atzetik, bosgarren postuan, puntu alde handi xamarrarekin Santboi (38 puntu).
Badirudi, hemendik liga amaierara, lehen lau postuetan izango dela lehia handiena. Lehen lau postuetan dauden taldeen artean bost puntuko aldea baino ez dago. Une honetan, edozein akatsek, taulan atzean gelditzea ekar dezake. Ampo Ordiziak, denboraldi hasieran finkatu zituen helburuen artean dago Play Offetan sartzea. Horretarako orain artekoari eutsi beharko dio eta igandean ere, garaipena lortzera aterako dira zelaira.
Eskola kirola
Get Into Rugby programak iaz izan zuen arrakasta tarteko, 2019-2020 ikasturtean lau errugbi jardunaldi egitea erabaki dute eskola kiroleko arduradunek. Lehenengoa, bihar, larunbata, egingo dute eta 1.200 haur inguru biltzea aurrikusten dute.
Jardunaldiok txikienen artean errugbia sustatzeko baliatuko dute eta, bide batez, haurrek zein gurasoek kirol hori gehiago ezagutzeko aukera bikaina izango da. Ordizia Rugby Elkartetik adierazi dute «edonork parte har dezakeen kirola» dela errugbia eta «ez dio axola altua, baxua, geldoa, azkarra edo txikia izatea, guztiok har dezakegu baloia eskutan, korri egin eta entsegua lortu».