«Euskararen arloan aldaketa handia sumatu dut CAFen»
CAFeko euskara planak 25 urte bete ditu aurten. Eragina nabarmena dela dio Begiristainek: «Garai batean jende askok ezinezkoa ikusten zuen euskaraz lan egitea, eta hori aldatu da».
Joxe Begiristian (Ataun, 1961) ikasketaz irakaslea eta delineatzailea den arren, CAFeko euskara arduraduna da lanaldi osoan.
Euskarak CAFen nolako egoera du gaur egun?
%68koa da ezagutza, eta erabilera zertxobait baxuagoa. 2016ko datuak dira, eta 25. urteurrenaren aitzakiarekin datuak berritu eta zehaztu egingo ditugu.
Eta iraganean?
Duela 40 urtetik ezagutzen dut CAF, eta aldaketa ikaragarria sumatu dut. Garai hartan inor-inor ez zegoen euskaraz ikasitakorik, eta orain jende asko dago karrerak eta bestelako ofizioak euskaraz ikasi dituena. Lehen, nahiz eta euskaraz jakin, langileek gaztelaniara jotzen zuten teknizismoak ezagutzen ez zituztelako. Orain, euskara naturalki ateratzen zaigu. Salto kualitatibo hori euskararentzako altxorra da.
Euskara Plana nola garatu zen?
Eusko Jaurlaritzak plan pilotu batzuk abiatu zituen enpresetan euskara txertatzeko. Gauza bitxi bat gertatu zen: CAFek bere burua eskaini zuen, baina ukatu egin zuten handiegia zelako. CAF tematu egin zen eta, azkenean, trenen akabera sailean ezarri zen euskara plana.
Zergatik horrelako nahia?
1979. urtean jada CAFek lan erdiko kontratu bat egin zion pertsona bati gau eskolak kudeatzeko eta itzulpenak egiteko. Eta 1992. urtean ere egon zen saiakera bat euskara plan bat sortzeko; beraz, aurreragotik datorren asmo bat da, nahiz eta guk mugarria duela 25 urte jartzen dugun. 1995 idatziz jaso zuen CAFek zein helburu zituen eta plangintza zehaztu zuen.
1995ean euskara plana trenen akaberaren sailean ezarri zen, baina urteekin zabalduz joan da. 2006. urtean Beasaingo lantegia osotasunean hartzen duen euskara plana jarri zen martxan. Ordura bitarte kanpoko aholkularitza batek kudeatu zuen hemengo euskara plana, baina orokortzean egituraketa erabat aldatu zen eta euskara arduradunaren lanpostua sortu zen.
Nolako egituraketa duzue egun CAFen?
Lau edo bost euskara azpi batzorde dauzkagu eta, hilabetean behin, Euskara batzorde orokorra biltzen da. Zuzendaritzako, sail bakoitzeko eta sindikatuetako ordezkariak daude bertan. Eraginkorrak izateko denon arteko elkarlana ezinbestekoa da.
Guztien artean Hizkuntza Politika Orokorra adostu genuen, eta hori da gure biblia. Ardatz guztiak zehaztuta daude hor, eta Bikain ebaluaziorako erabiltzen diren erreferentzia estandarren arabera sailkatu genituen erakundearen irudia, harremanak, baliabide informatikoak, pertsonen kudeaketa…
Beasaingo egoitzan atzerriko langile asko egongo dira. Nolako lotura dute euskararekin?
Euskara ikasi edo hobetu nahi duen orori matrikula ordaindu egiten zaio. Langileak erabakitzen du zein euskaltegira joan nahi duen. Ipar eta Hego Euskal Herriko hogei bat euskaltegirekin izango dugu harremana.
Langileak beraien kabuz animatzen dira euskara ikastera?
Oso gaitza da jende bat bere borondatez euskara ikastera bideratzera. Zorionez, badago jendea, eta langile batzuk behar hori antzematen dutelako joaten dira. Baina kopuruak jaitsi egin dira, eta ez du zerikusirik orain dela 10 edo 12 urteko egoerarekin. Halere, joera hori ez da soilik CAFena, orokorra baizik. Guk urtero egiten ditugu motibazio kanpainak.
25 urte hauetan estimu bereziarekin gogoratzen duzun ekimenik badago?
Hizkuntza Politika Orokorraz gain, trengintza hiztegia eta talde naturalak azpimarratuko nituzke: elkarrekin lanean ari den jendea elkartu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesu bat izaten da. Gaur egun lortu da euskara ongi ikusia egotea. Garai batean jende askok ezinezkoa ikusten zuen euskaraz lan egitea, eta hori aldatu da.
Euskaraldian ere parte hartuko duzue.
Aurten, gainera, ariguneak izango dira gakoak. Aurreratu egin gara eta giza baliabideetan berbasareak egin ditugu: mintzagramak egin genituen gure hizkuntza ohiturez jabetzeko eta aldatzeko. Benetako ariguneak identifikatzea da aurtengo erronka, CAF guztiak ezin baitu arigune bakarra izan.
Enpresa handietako hizkuntza ohiturek baldintzatuko dute euskararen etorkizuna?
Enpresa handiek ingelesez funtzionatzen dute asko. Horren aurrean, CAFen erabakia da tokian tokiko hizkuntza erabili behar dela: Brasilen portugesez, Frantzian frantsesez, Arabian arabieraz… eta jendea prestatuta izan behar du hori bermatzeko. Hori dana horren garbi duen enpresa batean ulergaitza litzateke hemen, etxean, euskaraz ez jardutea. Hori da erronka: nazioarteko enpresa izan arren euskarari dagokion tokia bermatzea.
Enpresa handien gutxiengoak du euskara planen bat.
Nire bihotz mina hori da. Goierrin, gutxienez, Ingudea proiektu kooperatiboa martxan dugu CAFek, Ederfil-Beckerrek, Ereduk, Estandak, Ezarrik, Goiekik, Goilaserrek, Irizarrek eta Orklik. Ea gainerako enpresa ahaltsuak erakartzea lortzen dugun.