«Olaberrian gertatutakoa eta egia jakiteko balioko du liburuak»
Olaberrian 1936ko gerrak eta frankismoak izandako eragina ikertu eta liburu batean jasoko du Aranzadi Elkarteak. Javier Buces historialaria ariko da lan horretan.
Zer helburu du lanak?
Olaberrian gerra eta errepresio frankista jasan zutenak ezagutzea, izen-abizenekin, eta egia jakitea. Ez da lan historiko hutsa izango —hori ere egingo dugu—, baizik zenbat pertsonak sufritu zuten jakin nahi dugu.
Nola funtzionatuko du oroimen bulegoak?
Informazioa eskatzeko eta emateko izango da, herritarrentzat irekia. Gure datu baseetan hainbat izen hartuta dauzkagu, edozein herritan. Baina jendea etortzea behar dugu, daukan informazioa emateko. Aranzadiko ikertzaile bat egongo da bulegoaren ordutegian. Informazioa hartzeko, edo lehen kontaktua egiteko balioko du, jendearekin harremanetan jarri eta testigantzak grabatzeko bidea egiteko.
Zer aurkitzea espero duzue Olaberrian? Ikertu dituzuen beste herrietatik berezirik bai?
Hasieran, izen gutxi batzuk besterik ez dira egoten. Baina ikerketa bukatzen dugunean, informazio asko pilatzen da. Jendeak ez daki zer gertatu zen bere herrian. Beti ateratzen dira sorpresak, txarrak normalean, uste baino biktima gehiago edo errepresio handiagoa izan zelako. Normalean ez gara ezer bereziren bila abiatzen, baina espero baino informazio gehiagorekin bukatu ohi dugu.
Ikerlana nork egingo du?
Aranzadiko Memoria Historikoaren sailean sei laguneko lantaldea daukagu. Oroimen bulegoan lagun batek egingo du lan, eta beste ikerketa faseetan besteek.
Zein epe markatu dituzue?
Hiru urteko lana da. Orain ikerketarekin hasiko gara, eta liburu batekin bukatzea da helburua. Erreparazioko ekimen bat izango da. Suposatzen dugu udalak ekitaldi bat antolatuko duela, eta liburua banatu. Aro hori ixteko. Azkenean, erradiografia bat egitea da, zenbat pertsonak sufritu zuten jakiteko. Liburuak balioko du hemen zer gertatu zen jakiteko eta errepresaliatuak izen-abizenekin zeintzuk ziren ikusteko.
Zer fase izango ditu ikerketak?
Martxoan oroimen bulegoa zabalik egongo da Olaberrian bertan, udaletxean, baina gero ere telefonoa eta posta elektronikoa irekita egongo dira, edozein momentutan gurekin kontaktua egiteko. Hiru urteetan egongo gara eskuerara, ez oroimen bulegoan bakarrik. Gero ere etorriko gara hemengo artxiboa kontsultatzera, eta hemen ibiliko gara.